BAICek eta INNOLAB Bilbaok LEADERS IN TECH THINK TANKS ekitaldiaren edizio berri bat antolatu dute

0

AA funtsezko teknologia bat da bizi dugun iraultza digitalean, mundu mailako berrikuntzaren eta garapenaren gidari. IDC agentziak egiten duen Adimen Artifizialaren Mundu Mailako Seihileroko Aztarnariaren arabera , 2022an 450.000 milioi dolar gastatuko dira software, hardware eta AA zerbitzuetan, esan nahi baita iaz baino %20 gehiago.

Adimen artifiziala, beraz, errealitate bat da, eta gure inguruan badira AAren aplikazio-kasu arrakastatsu eta esanguratsuak hainbat eremu eta sektoretan, esaterako industrian, osasunean, hiri adimendunetan, turismoan, aisialdian, kirolean…

Kasu arrakastatsu horietako batzuk gizarteari hurbiltzeko asmoz, INNOLAB Bilbaok eta BAICek (Basque Artificial Intelligence Center) berriro antolatu dute aurten LEADERS IN TECH THINK TANKS topaketa, “Adimen Artifiziala: joerak eta aukerak mundu errealari aplikatuta” izenburupean.

LEADERS IN TECH THINK TANKS topagunean hainbat ekitaldi egiten dira erreferente diren emakumeek lideratzen dituzten teknologia berriei buruz. Bertan arituko dira hizlari euskal enpresa eta erakundeetako (Vicomtech, Versia, LIS Data Solutions, Immersia, BCAM – Basque Center for Applied Mathematics eta Global Mobility WORLDPATS) hainbat profesional.

Samara Ruiz Navarrok (Immersia-ko fundatzaile eta Teknologia arloko buruak) hizpide hartuko ditu industrian eta makina-erremintan analitika bisuala eta adimen artifiziala aplikatzen dituzten kasu arrakastatsu batzuk.  Andrea Noriega Puentek (LIS Data Solutions enpresak datuen zientzialariak) etorkizuneko eskaera kalkulatzeko Machine Learning teknologia darabilten konponbideak aurkeztuko ditu.

María Salazar Villatek (Versia-ko datuen analistak) bere ikuspegia emango du Logistikara bideratutako eredu prediktiboei eta optimizazio-algoritmoei buruz. Karen López-Linaresek (Vicomtech) gaur egun eskuartean dituzten hainbat lan azalduko ditu, denak ere osasunarekin eta irudi medikoen analisiarekin lotuak. Ángela Blanco Gonzálezek (Global Mobility WORLDPATSeko fundatzaile eta zuzendari nagusiak) talentuaren mugikortasun globalaren etorkizuna aztertuko du. Verónica Álvarezek (BCAM-Basque Center for Applied Mathematics) hizpide hartuko du bere adimen artifizialeko sistema, energia kontsumoaren datu-baseak aztertzen dituena eta haietatik ikasten duena aurreikuspenak egiteko.

Jardunaldian izango dira orobat Iraia Monteagudo (INNOLAB Bilbaoko zuzendaria) eta Laura Marrón (BAICeko zuzendari nagusia), euren erakundeen helburu eta erronkak azaltzeko. LEADERS IN TECH THINK TANKS topaketaren edizio berri honek Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) laguntza jaso du. Bilboko Udaleko Herritarren Arreta eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi eta BilbaoTIKeko presidente Oihane Agirregoitiak emango dio hasiera ekitaldiari, eta Estíbaliz Hernáez Laviñak, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, emango dio amaiera.

Sarrera doakoa da, izena aurretiaz emanda web orri honetan. Ekitaldia amaitu ondoren networking topaketa bat egingo da Zabaltegi Eraikinean bertan, eta parte-hartzaileek aukera izango dute hizlari eta antolatzaileekin solastatzeko