Javier Hurtado sailburuak Euskadiko merkataritzari laguntzeko neurriak aztertu ditu Gasteiz On moda-pasarelaren aurkezpenean

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gogoratu du Euskadi Bono Denda kanpainak aldi berri bat izango duela urriaren 17tik abenduaren 4ra bitartean, eta beste 4 milioi euro izango dituela

Euskadi Bono Dendaren 3 edizioetan 22,5 milioi sartu dira kontsumo-bonuetan Euskadiko tokiko merkataritza sustatzeko

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Gasteiz On moda-pasarelaren aurkezpenean parte hartu du gaur Cristina González Arabako Diputatu Nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko Foru Diputatuarekin, Maider Etxebarria Gasteizko alkateorde eta zinegotziarekin eta Diego Martínez de San Vicente Gasteizko Merkataritza Sustatzeko Gasteiz On plataformaren presidentearekin batera.

Gasteiz On plataformaren udazken-neguko pasarela, 41. edizioa, urriaren 5ean eta 6an egingo da Europa Biltzar Jauregian, 20:00etatik aurrera.  Edizioaren formatua aurrekoetako berbera izango da, eta bi egunetan bilduko da garai bateko moda-asteko edukia. Egun bakoitzean joeren bi desfile, diseinatzaile berrien proposamenak eta saltokien proposamenak aurkeztuko dira.  Sailburuak nabarmendu du ekitaldi honek duen eragin “dinamizatzailea”, tokiko merkataritza erdigunean jartzen baitu “gure herri eta hiriei bizia emateko, gizarte-kohesiorako eta hiriko ekonomiaren mesederako”.

Sailburuak Euskadiko merkataritzaren egoera aztertu du, adierazi du urte zailak izan dituela, ingurune global batean “ezinbesteko berregituraketari” aurre egin behar izan baitio “digitalizazioak eta omnikanalitateak eraginda, eta, batez ere, kontsumitzaileen ohitura berrietan oinarrituta, haiek baitute non eta nola erosi nahi duten erabakitzeko ahalmena. Eta joera horiek bizkortu egin ditu pandemiak eta areagotu egin ditu Ukrainaren inbasioak eta inflazioaren igoerak”.

Alde horretatik, adierazi du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta erakundeek orain arte bezala jarraituko dutela merkataritzari laguntzen eta babesa ematen, eta gogoratu du urriaren 17an hasiko dela abenduaren 4ra arte luzatuko den Euskadi Bono Dendaren bigarren epea.  Bigarren epe honetan beste 4 milioi euro jarriko dira, eta aurreko epeko 6,4 milioiei batuta (Eusko Jaurlaritzaren 5 eta gainerako erakundeen 1,4), eta adierazi behar da gehienak kontsumitu direla, deialdi osoak 10,4 milioi izango ditu guztira.

Euskadi Bono Dendaren 3 edizioek 22,5 milioi euro jarri dituzte zirkulazioan, eta Eusko Jaurlaritzak 19tik gora jarri ditu eta foru-aldundiek eta udalek beste 4, Euskadiko merkataritzan kontsumoak izan duen uzkurtzea arintzeko eta, aldi berean, familiei laguntzeko.

“Merkataritzari suspertzen laguntzeko hartu dugun neurrietako bat baino ez da, baina lagungarria izango zaio aldatzen ari den habitatera egokitzen joateko, gero eta eginkizun garrantzitsuagoa betetzen duen herri eta hirietako ekonomiaren barruan. Epe luzerako ikuspegi horrekin ari gara Merkataritzako Euskal Estrategia 2030 lantzen, Euskadiko Merkataritzaren Sektoreak aurre egin beharko dien oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzun egokia emateko.