PRUEBA
Gobernu Kontseiluak onartu du Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan liburutegietako funtsak hornitzeko edo berritzeko dirulaguntzen deialdia. Guztira, 575.460 euro izango dira liburutegi publikoetan paperezko liburuak eskuratzeko, liburuetarako sarrera libre eta doakoa bultzatzeko.
Interesa duten liburutegiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren katalogo informatikoan eta Espainiako Liburutegien Direktorioan integratuta egotea, liburutegi publikoen tipologiaren barruan.
- Paperezko liburuetan erosketa bat egitea, gutxienez emandako kopuruaren berdina.
- Gutxienez, erositako liburuen % 50 gaztelaniaz izango dira. Gainerakoak euskaraz izan daitezke. Gainera, % 10 Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren atzerriko hizkuntza ofizialetako liburuak erosteko erabili ahal izango da.
- Nahitaezkoa izango da erosketetan irakurketa errazeko edota letra handiko liburuak sartzea.
- Erositako liburuak bildumaren katalogo bibliografikoan sartu beharko dira 2023ko abenduaren 31 baino lehen, eta gutxienez 5 urtez egon beharko dute bertan.
- Laguntza hauen xede diren materialen hornitzaileak, ahal dela, udal-eremuko liburudendak izan beharko dira.
Baldintzak betetzen dituzten liburutegiek gutxienez 1.500 euroko dirulaguntza jasoko dute. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.