Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian egindako lana babestu du Europako Batzordeak, eta EBko legedia ez dela urratu ondorioztatu du

0

Europako Batzordeak berriro erantzun dio San Lorentzo Auzo Elkartearen (Ermua), Zaldibar Argitu herri plataformaren eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartearen izenean Europako Parlamentuan aurkeztutako eskaerari. Bertan, 2020ko otsailaren 6an Zaldibarko hondakin ez-arriskutsuen zabortegian izandako istripuari dagokionez hondakinen eta zabortegien kudeaketa arautzen duen Batasuneko legediaren balizko arau-hauste bat ikertzeko eskatzen zen. Agintari eskudunek Zaldibarko zabortegian EBko eta estatuko ingurumen eta osasun publikoko legeria erabat betetzen dutela bermatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen zen.
Bigarren erantzun horretan, batzordeak ondorioztatu du eskuduntza duten agintariek ez dutela Europar Batasuneko legeria urratu.
Europako Batzordeak Eusko Jaurlaritzaren jarduera bermatzen du administrazio-baimenei eta gertakariaren aurreko kontrolari dagokienez, eta baita larrialdiari aurre egiteko eta ingurumen-kalteak saihesteko ondorengo jarduketei dagokienez: 

    • Hondakinak Isurtzeko Zuzentarauaren ondorioz 2020an hasitako ikerketaren arabera, agintari eskudunek Europar Batasuneko legeria betetzen zela bermatzeko beharrezko neurriak hartu zituztela adierazten da. Zabortegia ustiatzen duen enpresari baimena ematea, zabortegia ustiatzeko fasean baldintzak betetzen zirela egiaztatzeko kontrolak, jarraipenak eta aldizkako ikuskapenak egoki egin zirela dio txostenak.

 

    • Istripuaren ondoren, premiazko neurri zuzentzaileak hartu zirela giza osasunean eta ingurumenean eragin negatiboak murrizteko.

 

    • Batzordeak gertakariaren ondorioz agintariek hartutako neurriak aipatu ditu, hala nola, zabortegiaren inguruan eta Ermua eta Eibarko hiri-inguruetan airearen kalitatea etengabe zaintzea. Gaineratu duenez, erregistratutako enpresa espezializatu bati agindu zitzaion amiantoari buruzko ikuskapena egiteko eta zabortegiaren inguruko ingurumen-laginak eta -analisiak egiteko.

 

Batzordeak ebaluatu duen informazioa honako hauetan oinarritzen da: batetik, «Ricardo Environment» enpresak egindako kanpo-auditorian, eta, bestetik, Batzordeak berak Eusko Jaurlaritzari eskatutako informazioan.

Prozesu judiziala sumario-sekretupean dago, baina Batzordearen jakinarazpenean aipatzen da 2018ko egonkortasun-azterlan bat dagoela, zabortegian arazoak zeudela agerian uzten zuena eta Eusko Jaurlaritzari ezkutatu zitzaiona.