Donostian egingo da ICOE-OEE 2022 konferentzia

0

“International Conference on Ocean Energy & Ocean Energy Europe 2022” (ICOE-OEE 2022) deritzon energia ozeanikoei buruzko munduko ekitaldirik garrantzitsuenak sektoreko ehunka profesional eta ikertzaile bilduko ditu Donostiako Kursaalean, urriaren 18tik 20ra bitartean. ICOE-OEE 2022 Euskadiko Energiaren Kluster Elkarteak) antolatu du Ocean Energy Europe (OEE) erakundearen lankidetzaz eta Energiaren Euskal Erakundea (EVE) babesle nagusi duela.

Energia ozeanikoak, trantsizio energetikorako alternatiba

Europako Batzordeak 2030erako 1.000 MW ekoizteko helburua ezarri du Itsas Energia Berriztagarrien Estrategian (itsas-eolikoaren 60.000 MWekin batera). Espainiaren kasuan, Itsas Energia Eolikoaren eta Itsasoko Energien Ibilbide Orriak 40-60 MWeko helburua ezarri du itsas-energiei dagokienez denbora-tarte berean. Kopuru horiek behin-betiko bultzada eman diezaiokete datozen hamarkadetan sektorearen hazkunde nabarmena erraztuko duten eskalako ekonomien sorkuntzari. Gainera, interes handiko aukera da Euskadirentzat, nazioarteko erreferentziazko eskualde bihurtu den sektore honetan.

Euskadi, energia ozeanikoen nazioarteko erreferentea

Euskadi olatu-energiaren garapenaren arloko lider globaletako bat da, bertako industria-sarearen eta intentsitate teknologikoaren arteko konbinazioagatik. Euskadik mundu osoan elektrizitate gehien ekoitzi duen olatu-energia sortzeko instalazioa du Mutrikun, eta Armintzan, BiMEPen instalazioak daude, parekorik ez duen saiakuntza-gunea, itsaso zabalean kokatua eta sarera konektatua. Euskadik nazioarteko esperientzia duten hainbat enpresak osatutako balio-kate osoa du. Horietako bat da olatu-energiaren bihurgailuaren teknologia propioa duen IDOM enpresa, Estatu Batuetako Energia Departamentuarentzat proiektu aitzindariak garatzen diharduena. Euskadik I+G zentroak ere baditu, Tecnalia eta AZTI kasu, eta bertako unibertsitateak, Mondragon Unibertsitatea eta UPV-EHU tarteko, sektorearen garapen teknologikoaren punta-puntan daude.

Gainera, sektoreak Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen bultzada irmoa du. Energiaren Euskal Erakundea mundu mailako zenbait berrikuntza-ekimen bereziren buru da egun; adibidez, EuropeWave programa, Europako Batzordeak sektorearen garapen komertziala sustatzeko egin duen apustu nagusia, EVEk Eskoziarekin batera koordinatutakoa.

Donostia ICOE-OEE 2022 ekitaldiaren egoitzatzat aukeratu izanak argi eta garbi frogatzen du Euskadik sektore horretan duen garrantzia, bai industria eta teknologia-mailan, bai euskal administrazioak ematen dion babes eta bultzadagatik.

Erlazionatutako dokumentuak

2022/10/05-an argitaratua