Euskadiko larrialdietako eta babes zibileko merezimenduen dominak emateko hautagaiak aurkezteko epea zabaldu da

0

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur argitaratu du Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindua, larrialdietako eta babes zibileko dominak eta plaka-diplomak emateko prozedurari hasiera ematen diona. Horrela, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta antolakundeek, profesionalek nahiz boluntarioek, hilabeteko epea izango dute, aipatutako agindua argitaratzen denetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako 2022ko proposamenak eta hautagaiak aurkezteko.

Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko sari horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan.

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko Babes Zibileko Boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma.

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten euren ustez bereizgarri horiek merezi zituzten hautagaiak.

2022ko edizioan saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2023ko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian.