SPRIk agenda bat prestatuko du enpresa industrialen eta industria adimenduneko espezialista digitalen arteko bilerekin

0

SPRIk, Enpresa Digitala ekimenaren bidez, “Networking Empresarial 2022 – Smart Industry” kongresua egingo du datorren azaroaren 24an Bilbon, helburutzat harturik enpresa industrialen eta zerbitzu digitalak eskaintzen dituzten konpainien arteko lankidetza aktibatzea. Topaketa hau urrats bat gehiago da euskal enpresei euren eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko eta lehiakorrago bihurtzeko. Bertan sektore industrialetako enpresek (automobilgintza, aeronautika, energia, makina-erreminta, etab.) aukera izango dute hornitzaileen zerbitzuak ezagutzeko, eta haiek, beren aldetik, laguntza emango diete euren negozioaren errentagarritasuna hobetuko duten produktu teknologikoekin.

Kongresu honetan ETEek bertatik bertara ezagutuko dituzte “industria adimendunaren” sektoreetan eskarmentu handia duten EIKT arloko zerbitzu hornitzaileak, eta aukera izango dute haiekin bilerak egiteko eta euren negoziora ongien egokitzen diren produktu/zerbitzuen berri izateko. Hauek dira mahai gainean jarriko diren teknologiak: fabrikazio gehigarria, robotika kolaboratiboa, sistema ziberfisikoak, errealitate areagotua, errealitate birtuala, ikusmen artifiziala, cloud computing-a, Big Data eta zibersegurtasuna.

Industria arloko enpresek eta EIKT arloko zerbitzuen hornitzaileek beren agenda prestatu beharko dute, eta Enpresa Digitala ekimenak lagunduko die horretan.  Bilerek hitzartuta egon behar dute azaroaren 24an kongresua egin baino lehen. Hala, parte-hartzaile bakoitzak bileren agenda pertsonalizatu bat izango du, 2 fase izango dituena:

  • Enpresari parte-hartzaileen eskaerak.
  • Tresna informatiko batek garatuko duen matchmarking-prozesua.

Kongresuari hasiera emateko, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak hizpide hartuko ditu Euskadik eraldaketa digitalaren arloan dituen helburuak eta politikak, eta baita ere aurkeztuko ditu administrazioak enpresei eskaintzen dizkien laguntzak (ibilbide pertsonalizatuak) eta Euskadin laguntza-programa publikoen bitartez eskuratu daitezkeen baliabideak (teknikoak eta giza baliabideak). Gainera, Madariagak testuinguruan jarriko du Networking jarduera hau, zeinak industri arloko enpresei laguntzen baitie, lehenik eta behin, euskal industrian aplikatzen diren EIKTen potentziala eta haien hornitzaileak ezagutzen eta, bigarrenik, haiekin harremanetan jarri eta kolaboratzen. Ondoren, EIKT sektoreko enpresak biltzen dituen GAIA klusterreko zuzendari nagusi Tomás Iriondok hitzaldi hau emango du: “Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuaren Industria sektorea, NEXT eraldaketa estrategien zerbitzura”.

Foroaren lehen zati horri buru emateko, entzungai izango dira Euskadiko industria adimendunaren parte izateko lehen urratsak eman dituzten enpresen ekarpenak, hots, enpresa horiek “industria adimendunaren alde eginiko apustuaren” lekukotzak. Euren esperientzia partekatuko dute: Carlos Noriega, ACITURRI Tech enpresako zuzendariak; Javier González, Einnek enpresako bazkide fundatzaile eta zuzendariak; eta Carlos Echevarría, Pierburg, S.A. enpresako Controller / Industrie 4.0. ingeniariak.

SPRIk antolatutako foro honen bigarren zatian aldebiko topaketak egingo dira, zeintzuetan enpresa parte-hartzaileek (bai sektore industrialekoek eta bai EIKTen sektorekoek) aldebiko negozio-bilerak egingo baitituzte, aurretik finkatutako agenda baten arabera, “Smart Industry Euskadi” delakoaren inguruko lankidetzak adosteko.

SPRIk bultzatu du Enpresen “Networking-a 2022 – Smart Industry” kongresua Eusko Jaurlaritzaren “Euskadi 2025 Eraldaketa Digitalerako Estrategiaren” barruan.  Ekimen honen helburua da erakundeen arteko lankidetza sustatzea, EIKTak (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) integra ditzaten euren produkzio-prozesuetan, enpresetan Industria adimenduna garatzeko apustu gisa eta, aldi berean, euskal industriaren eraldaketa digitala orekatzea, abiadura desberdinak saihestuz.

Kongresua azaroaren 24an egingo da Iberdrola Dorrean, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 16:35era. Parte hartu nahi duten enpresek (industri arloko enpresak nahiz hornitzaileak) izena eman behar dute.