Urdaibaik industria, teknologia eta balio erantsi handiko jardueren bidez bultzatuko du bere garapen ekonomiko aurreratua

0

Gaur aurkeztu da “U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa”, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak eta Bermeoko Behargintza eta Gernikako Lanbide Ekimenak garapen agentziek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eta eskualdeko enpresen laguntzarekin, bultzatutako estrategia. Proiektua helburu sendo batekin sortu da: eskualdea garapen ekonomiko aurreratuaren erreferentzia bihurtzea, industria, teknologia eta balio erantsi handiko jardueretan oinarrituta.

Madariaga Dorrean egin den aurkezpenean, hauek egin dute berba: Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasuneko sailburuorde eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuko presidenteak, Aritz Abaroa, Bermeoko alkate eta Behargintzako presidenteak, Martin Ugalde Maierreko CEOak, eta Mikel Irastorza, ekintzaile eta Artike Investmentseko CEOak. Era berean, eskualdeko zenbait alkate egon dira bertan, enpresa pribatuetako ordezkariekin eta proiektuaren parte diren ekintzaileekin batera. Hori guztia Madariaga Dorrean ehun ekintzaile baino gehiago bildu dituen U-BAI. UP! ekintzailetza jardunaldiaren barruan.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, estrategia horren ardatza ekonomia zirkularrerako eta garapen ekonomiko jasangarrirako erreferente izatea da, toki mailako jarduera ekonomikoa eta enplegua indartuz. Rementeriak Aldundiak eskualdearekin duen konpromisoa azpimarratu du, eta lankidetza publiko-pribatua eta inguruko enpresa bultzatzaileek ekintzaileak babesteko eta laguntzeko duten zeregina nabarmendu du.

Bestalde, Amaia Barredo sailburuordeak nabarmendu duenez “Urdaibaik, Biosferaren Erreserba den aldetik, garapen jasangarrian esperimentatzeko gune izateko bokazioa du”. Adierazi duenez, “ekitea jarrera bat da, euskal izaerarekin aspalditik lotutako bizitza ulertzeko modua; jarrera horrek herrialde industrial eta erreferente bihurtu du Euskadi”. Barredoren berbetan, “oinarri teknologikoko ekintzailetza eta berrikuntza gure industriaren lehiakortasunerako palankak dira; horrela, urte hauetan zehar, ekimen ugari jarri dira martxan Euskadiko garapen ekonomikoa bultzatzeko, ekosistema ekintzailea bultzatzeko eta proiektu berritzaileei laguntzeko”. “Eraldaketa jasangarria eta berritzailea elkarrekin bultzatzeko apustu publiko-pribatu hori nabarmendu du; ekintzaileek eta startupek, ekonomia deskarbonizatuagorantz joatea eta klima-erronkari hobeto erantzutea ahalbidetuko digute”.

Urdaibai, eskualde berritzailea eta liderra 2030 Tokiko Agendan

“U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa” ekimenak eskualde berritzaile bihurtu gura du Urdaibai, eta, horretarako, sei ardatz landuko dira (lau ardatz sektorial eta zeharkako bi). Ardatz horiek eskualdeko apustuak islatzen dituzte, hau da, datozen urteetan kontzertazio publiko-pribatuaren ahaleginak zentratu gura diren esparruak:

    1. Bizkaiko-Euskadiko turismo jasangarriaren erreferentziazko jomuga bilakatzea

 

    1. Arrantzaren eta elikaduraren inguruan balio erantsiko jarduera berriak bultzatzea

 

    1. Egurraren eraldaketan Urdaibai berrikuntza polo bihurtzea

 

    1. Garapen teknologiko-enpresariala sustatzea

 

    1. Eskualde mailako ekintzailetzarako ekimen egituratua sortzea

 

    1. Lehenetsitako sektore-ardatzekin inbertsio sinergikoak erakartzea

 

Horrela, Aritz Abaroa Bermeoko alkate eta Behargintza Bermeoko presidenteak nabarmendu duenez, “turismoaren, ekonomia urdinaren, egurraren edo automobilgintzaren arloan jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen edozein enpresa-ekimenek Urdaibain eragiketa-bankurik onena duela jakin behar du”.

Proiektu honen bidez, Urdaibaik Tokiko Agenda 2030ean eskualde lider bihurtu gura du, helburu hauetan eragin berezia izanda: 8 (lan duina eta hazkunde ekonomikoa), 9 (industria, berrikuntza eta azpiegitura), 12 (ekoizpen eta kontsumo arduratsua), 14 (urpeko bizitza) eta 15 (lurreko ekosistemen bizitza).

Enpresa-Fabrika

Azpimarratzekoa da “U-BAI. Urdaibaiko Garapen Ekonomikoa” ekimenaren hasiera honetan inplikatuta dauden bederatzi enpresa pribatuek – Albacora, Artike Investment, Barna, Ebaki, Echebastar, Egoin, Enagas Emprende, Maier eta Rotobasque– duten zeregin garrantzitsua.

Horien guztien ordezkariek sinatu dute gaur Madariaga Dorrean Urdaibain startupak sortzea eta horiek erakartzea helburu duen Enpresa-Fabrikaren proiektuarekin bat egitea, ekimena sustatu duten enpresen eta inbertitzaileen parte-hartze handiarekin, bai negozio-ideien sorreran, bai finantzaketan. Eskualdeko espezializazio sektoreetan izango du fokua.

Martin Ugalde Maierreko CEOak azaldu duenez, “Urdaibairekin maila guztietan konprometitutako enpresaburu taldea gara, eta ekitea merezi duen abentura baten hasiera sinatu dugu elkarrekin: abentura horrek aberastasuna sortzeko interes komuna du oinarri, talentua erakarriz eta enpresa-ekimen berriak ezarriz. Gure eskualdeko herritarrek etorkizun hobea izango dutela ziurtatu gura dugu, enpresa-fabrikako bazkideok bertan iraun gura dugulako”.

Enpresa-Fabrikak Urdaibain sortuko den eta bioekonomia eta jarduera teknologiko jasangarri berriak bultzatuko dituen garapen ekonomiko aurreratuko nazioarteko erreferentzia-gune bihurtu gura du.

Azkenik, Mikel Irastorzak, ekintzaile bermeotar eta Artike Investmentseko CEOak hartu du berba, eta azpimarratu duenez, “Urdaibai ekintzailetzarako aukera ematen duen eskualdea da, eta horren alde agin behar dugu. Urdaibaik, ekintzailetzarako ekosistema lez, etorkizun handia du, denok elkarrekin gauden bitartean. Taldean aritu behar gara lanean, Urdaibaira hainbat sektoretako talentua eta enpresak erakarriko dituen ingurunea eraikitzeko. Gure eskualdearen etorkizun estrategikoa bultzatzea gure esku dago”.