Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu aurten Euskadiko komunikabideentzako dirulaguntzetara

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak 13.694.000 euro bideratuko ditu aurten Euskadiko hedabideen sektoreari zuzendutako dirulaguntzetara, honako helburu hauek lortzeko: alde batetik, sektore horri ekonomikoki eusten laguntzea eta sektorearen jardunarekin jarraitzea; desinformazioaren aurka eta publiko orokorraren alfabetizazio mediatikoaren alde borrokatzea; eta, bestetik, komunikabideen bidez euskara normalizatzen eta sustatzen laguntzea. Horrela, 13,7 milioi euroak bloke hauetan banatzen dira:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak dirulaguntzen deialdi bat onartu du gaur, 6 milioi eurokoa, Euskal Autonomia Erkidegoko orotariko komunikabideei edo Euskadin lan egiten duten hedabideei zuzendua, horien sostengu ekonomikoan eta desinformazioaren aurkako borrokan laguntzeko, bai eta publiko orokorraren alfabetizazio mediatikoan laguntzeko ere.

Deialdi honek kontuan hartzen du komunikabide profesionalek egunero egiten duten lana herritarren informazio egiazkoa eta egiaztatua izateko eskubidea bermatua egon dadin. Interes orokorreko informazio-lan hori are beharrezkoagoa eta nabarmenagoa izan zen Covid-19aren pandemian. Baina, hain zuzen, une horretan, komunikabideek diru-sarreren beherakada handia izan zuten, bai salmentengatik, bai publizitateagatik.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak 6 milioi euroko dirulaguntzen deialdi hau onartu du, prentsa idatziari eta bere digitalei, eguneroko hedabide natibo digitalei, irratiei eta telebistei zuzenduta.

Hartzaile guztiek egoitza edo ordezkaritza bat izan beharko dute Euskadin, eta gutxienez edukien edo programazioaren % 15 eskaini beharko dute euskal publikoari zuzendua. Laguntzen hartzaileek, gutxienez, EAEko hiru lurralde historikoetako bat izan beharko dute estaldura-eremu, eta EAEn, gutxienez, 5.000 laguneko jarraipena izan beharko dute. Laguntzen deialdia urriaren 18an argitaratuko da EHAAn, eta eskabideak hurrengo 15 egun naturaletan aurkeztu ahal izango dira.

Bigarrenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hiru urtean 12,7 milioi euro ematea erabaki du (2018-2021 deialdian baino % 5 gehiago) euskara hutsezko hedabideentzat, euskararen normalizaziorako eta erabilera sustatzeko funtsezko eragile diren aldetik. Urte anitzeko deialdia da (2022-2024), 2017an euskarazko hedabideen sektorearekin lortutako akordioa oinarri duena, eta 2022ko martxoan eguneratua. Hiru urtean 12,7 milioi euro esleituko dira, urtero 4.258.000 euro. 50 eskabide jaso dira, eta horietatik 45 erakundek jasoko dute dirulaguntza. Honako multzotan banatuko dira:

    • Alde batetik, Euskadi osora zuzendutako argitalpenak edo aldizkariak, orotarikoak zein espezializatuak. Multzo horretara 26 eskaera aurkeztu dira, eta horien artean urtero 1.995.000 euro bideratuko dira guztira.

 

    • Bigarrenik, irratiak. Atal honetan 5 hedabidek jasoko dituzte laguntzak, eta urtean 436.065 euro banatuko dira onuradun horien artean.

 

    • Hirugarrenik, telebistak. Kasu horretan, 7 tokiko telebista izango dira onuradun; guztira, 1.506.750 euro urtean.

 

    • Eta azkenik, hedabide digital hutsak. Multzo honetan 7 hedabide izango dira onuradun, guztira 320.250 eurorekin urtean.

 

Euskara hutsezko hedabideen sektorea sendotzen eta hauei beraien jardunean laguntzeko helburu berarekin, deialdi honi gehitu behar zaio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Berriari ematen dion zuzeneko dirulaguntza izenduna, EAE osoan estaldura duen euskarazko egunkari orokor bakarra den aldetik. Berriak jasotzen duen dirulaguntza 2.436.000 milioi eurokoa da urtean (7.308.000 euro 2022-2024 bitartean).

Azkenik, hirugarren laguntza-multzo batean, nagusiki gaztelaniaz argitaratzen duten komunikabideei zuzendutako dirulaguntzen deialdia dago, eskaintzen dituzten edukietan euskararen presentzia sustatzea helburu duena. Deialdi horretara milioi bat euro bideratu da, eta aurkeztutako 13 proiektutan banatuko da.