Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ongizate-hitzarmen baten beharrari buruz.

Lehendakariak adierazi du ongizatea sustatzen jarraitzeko hitzarmenak adostea komenigarria dela. “Hori bai, ezinbestekoa da Hitzarmen bat proposatzen denean zehatzak izatea. Ez diogu muzin egin zuen proposamenari, baina zehaztasunak ezinbestekoak dira”, gaineratu du.

Lehendakariaren ustez, zenbat eta hitzarmen zabalagoak lortu hobeto sustatuko da ongizatea. Horren adibide, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Lege asmoarekin lortutako akordio. “Orain arte lortu dugun adostasun horretara biltzea izango litzateke zuen Ongizatearen eta Hitzarmenaren aldeko borondatearen frogarik argiena”, esan du.

“Gure partetik, beti esan dugu akordiorako atea irekita dagoela. Duela lau aste besterik ez, bost proposamen luzatu genizkizuen Euskadiren Ongizatea hobetzen jarraitzeko”, amaitu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herritarren eskubideak espekulazio-arauen menpe ez egoteari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren jarduera herritarren interes legitimoen aurka zuzendutako edozein espekulazio motaren aurka borrokatzea dela. Hala ere, nabarmendu du finantza-erakunde batek maileguak saltzeak ez dituela mailegu-hartzaileen eskubideak arriskuan jartzen. Eskubide horiek legeak arautzen ditu 2019tik.

Eusko Jaurlaritzaren eskumenen esparruari dagokionez, Iñigo Urkulluk ziurtatu du sentikorrak direla hainbat arrazoi direla medio kreditu-betebeharrei aurre egiteko zailtasunak dituzten eta etxebizitza galtzeko arriskua duten pertsonen egoeraren aurrean; eta, beraz, pertsona horiek guztiek Eusko Jaurlaritzaren laguntza dutela, bai aholkularitza baita laguntza ekonomikoak ere, beren arazoei irtenbidea emateko.