Iñigo Urkullu Lehendakaria Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaritza-kontseiluaren bileraren buru izan da, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu eta Kontseiluko lehendakariordearekin, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordearekin eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariarekin batera.
Bileran, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren 2023rako aurrekontuen aurreproiektua onartu da, 5.247.000 eurokoa. Bertan, La Puente’ Turtziozko jauregia erosi eta Gogoragunea erakunderan erakusketa-gunea, eraikitzeko lanak nabarmentzen dira.
Zuzendaritza kontseiluaren bilera gaur arratsaldean egin da, Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan. Eusko Jaurlaritzaz gain, Gogoran ordezkatuta daude Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioak, hiru aldundiak, EUDEL eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako hiru pertsona: Paco Etxeberria, auzitegiko medikua eta gaian aditua; Maria Jauregi, ETAk 2000. urtean hildako Juan Maria Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibilaren alaba; eta Josu Elespe, ETAk 2001ean hildako Froilan Elespe, Lasarteko PSE-EEko zinegotziaren semea.
Gogoragunea
Gogoragunea proiektuaren obrak egiteko kontratazioa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren erakusketa-gunea, laster lizitatuko da Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean eta Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataforman argitaratu ondoren. Enpresa interesdunek 40 egun balioduneko epea izango dute eskabideak aurkezteko. Kontratua 3.373.495,69 eurokoa da, eta horren barruan sartzen dira egungo eraikina egokitzeko obrak egitea, pabiloia eraikitzeko eraikina handitzea eta proiektu museografikoa gauzatzea.
Gogoraguneak Gerra Zibiletik gaur egunera arteko aldia hartzen du, eta azken ehun urteetan Euskadin eragina izan duten lau gertakari traumatiko jorratzen ditu: Gerra Zibila eta Frankismoa; ETAren terrorismoa; errepresio frankista, legez kanpoko polizia-indarkeria eta tortura; eta GALen terrorismoa eta eskuin muturreko terrorismoa. Era berean, gertaera horien aurrean gizarteak eta erakundeek eman duten erantzuna aztertzen da. Gogoragunea Euskadiko memoriaren pedagogiaren erreferentzia-gune gisa sortu da, ibiltzeko eta, batez ere, esperimentatzeko eta hausnartzeko leku gisa.
Gogora Institutuaren Bilboko bulegoak hartzen dituen eraikineko patioan gauzatuko da proiektua. Proiektu museografikoa gauzatzeko obrak 2023an hasiko dira, eta zazpi hilabeteko exekuzio-epea aurreikusten da, behin lanak hasten direnetik. Amaitu ondoren, publiko orokorrarentzat irekita egongo da, eta interes berezia izango du publiko gazteena erakartzeko.
‘La Puente’ jauregia
Gaur onartutako aurrekontuen aurreproiektuak Turtziozen La Puente jauregia erostea aurreikusten du, 1.200.000 euroren truke. Jauregiak balio historikoa eta izaera sinbolikoa ditu: Agirre Lehendakariaren Eusko Jaurlaritzaren azken bileren egoitza izan baitzen euskal lurraldean. 2023ko ekitaldirako aurrekontu-aurreikuspen horren jatorria eraikina erosteko okasio aproposa dela da, egungo jabeek eraikina salmentan jartzekotan direlako, José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak azaldu duenez. Gainera, Rodríguez Ranzek adierazi du espazioa erbesteko Eusko Jaurlaritzari eskaintzeko aukera aztertuko dela, Euskadiko memoriaren gainerako erakusketa-guneekin uztartzeko eta Turtzioz inguruko memoriaren ibilbideen proiektuarekin eta Enkarterrien garapenarekin berarekin lotuko dela.
Memoria eguna
Halaber, azken hilabeteetan egindako jardueren berri eman da, besteak beste, Mutrikun, urriaren 2an, miliziano baten gorpuzkiak lurpetik ateratzea. Era berean, Pedro Asua Zubiaur aurkitu eta identifikatzeko lanen berri eman da. Galdakaoko milizianoa zen bera, Gerra Kontseiluak fusilatu zuen 1938an, Jakan, eta herriko hilerrian lurperatu zuten. Urriaren 13an eta 14an, aurkitutako gorpuzkien laginak hartu dira, erkatu eta, posible bada, identifikatu ahal izateko.
Gaur arratsaldeko bileran, era berean, azaroaren 10eko Memoriaren Eguna aurkeztu da. Egun horren ardatz nagusia memoriaren eraikuntza sozialari buruzko oinarri partekatuak aurkeztea izango da. Ekitaldi horretan terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak izango dira, eta aurreikusitako leloa honakoa da: ‘Memoria para la convivencia. Guztion memoria-Memoria Guztiak. Elkarbizitzarako memoria’.