Kaibotek negozio-aukerak aurkitzen ditu datuen analisiaren bidez

0

Gero eta digitalizatuago dagoen enpresa esparruan, Big Data edo IoT bezalako teknologien aldeko apustua eginez, Kaibot enpresa gasteiztarrak esparru jakin batean lan egin nahi du, merkataritza- eta marketin-departamentuetan. Sortu zenetik, 2016an, enpresako arduradunek merkatu-nitxo bat ikusi zuten arlo horietan, “normalean ez baitira hain kontuan hartzen  digitalizazio-prozesuetan”, Ivan Moreno Fernandez de Lezeta Kaiboteko CEOak adierazi duenez. Geroztik, startupak datuen analisiak eta merkatu-azterketak egiten ditu, Big Datan oinarrituta, bezeroei negozio-aukera berriak sortzeko xedearekin. 

Pandemia aurrera pauso handi bat eragin zuen Kaiboten jardueran. 2020tik, ezinbestekoa da digitalizazioa sail guztietan presente izatea, “eta horren faltak negozio-aukera garrantzitsuak galtzea ekar dezake. Gure teknologia euskal enpresen esparrura hurbiltzen saiatu gara, eta eraldaketa digital hori garatu, azkenean hain beharrezkoa bihurtu dena”, adierazi du Ivan Morenok. Nabarmentzekoa da startupa Google Partner dela sortu zenetik. 

Bere jarduera industria-eremu osora zuzenduta dagoen arren, enpresa Biotech sektoreko bezeroetan espezializatzen ari da. Kaibotek bere analisien bidez sortzen dituen datuak era askotara erabil daitezke, betiere merkataritza-garapena izateko helburuarekin. Adibidez, merkataritza-arduradun bat bezero potentzialei buruzko bilera edo azoka batera joan daiteke bezero horren laburpen zehatz batekin. Jarraipen baten bidez, startupak bezeroen interesari buruzko datuak lortzen ditu: zenbat aldiz sartu den webgunera, zer produktu bisitatzen diren gehien, webgunea bisitatzen ari den pertsonaren kargua zein den… “Horrela, badakigu interes hori pizten ari garela gure bezeroarengan”, adierazi du CEOk. 

Gainera, Kaibotek bere bezeroen nazioartekotze-prozesuan laguntzen du, adibidez, Estatu Batuetan. “Estatu Batuentan sartzea oso zaila da, eta EAEtik negozio-aukerak sortzea lortu dugu”. Etorkizunari begira, enpresak hazten jarraitzea du helburu, bai enpresa moduan bai ezagutza propioan. “Gure ezagutzak handitzen jarraitu nahi dugu, soluzio hobeak garatzeko eta teknologia berrien berri izateko. Googlerekin lan egiteak ekosistema horretan oso prestatuta egotera behartzen gaitu”, Ivan Moreno Fernandez de Lezetaren esanetan. 

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.