Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatuko ditu hiru foru-aldundiekin, Euskadi osoan arreta soziosanitarioa hobetzeko

0

Eusko Jaurlaritzak baimena eman du lankidetza-hitzarmenak sinatzeko hiru lurralde historikoetako foru-aldundiekin, Euskadi osoan arreta soziosanitariorako.

Zehazki, hitzarmen horiek Osasuneko Sailburuak eta lurralde historiko bakoitzeko diputatuek sinatuko dituzte, eta 31 milioi euro inguruko gastua aurreikusten dute. Haien bidez, gizarte-zerbitzuen Euskadiko sistemako hiru baliabide mota garatzen lagunduko da: egoitza-unitate soziosanitarioak, adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzak eta egoitza-unitateak, laguntzadun etxebizitzak eta eguneko zentroak gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzat. Azken kasu horretan, Bizkaian izan ezik, bertan badago-eta, dagoeneko, eremu horretan hitzarmen berezi bat.

Hitzarmen horiek gauzatzeak dakar, azken 25 urteotan metatutako esperientzian oinarrituta, Euskadiko eremu soziosanitarioan parte hartzen duten erakundeen arteko loturak finkatu eta sendotzea, 2021-2024rako Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategian ezarritako norabidean. Dokumentu estrategiko horren helburua da behar soziosanitarioak dituzten pertsonen arreta integralean sakontzea eta, horretarako, gizarte-zerbitzuetako eta osasuneko sistemek koordinazioz jardutea, pertsonak haien ohiko gizarte-ingurunean geratzea eta haien bizi-kalitatea eta haien zaintzetan parte hartzen dutenena hobetzen dela bermatzea.