Eusko Jaurlaritzak osakidetzaren egitura-plantillaren gehikuntzarik handiena onartu du eta, dagoeneko, 30.000 langile ditu

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak azken 20 urteotan Osakidetzaren plantillan izan den gehikuntzarik handiena onartu duela; 2.467 plaza gehiago gehitu zaizkio eta, hala, Euskadiko Osasun Zerbitzuaren egiturak 30.073 plaza ditu. Aldi baterako 2.109 plaza dira, egiturazko bilakatuko liratekeenak, eta beste 358 plaza, Osakidetzaren Lehen Mailako Arreta sendotzen jarraitzeko.

Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuak “mugarritzat” balioetsi du akordio hau, denborazkotasuna murrizteko eta enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren aldeko apustu egiteko bideari jarraitzen diona. Akordio horren berri eman zuen Lehendakariak Politika Orokorreko osoko bilkuran eta, gaur, Gobernu Kontseiluan berretsi du.

Osasun alorrean, halaber, Eusko Jaurlaritzak baimena eman du gastua 542.000 euro areagotzeko, berrikuntza-funtsetatik etorriko dena, 2022an osasun-ikerketako proiektuetarako laguntzak finantzatzeko. Hala, aurtengo deialdirako baliabide ekonomikoak, azkenean, 6.192.000 eurokoak izango dira.

Bestetik, Osasuneko sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak baimena eman duela lankidetza-hitzarmenak sinatzeko hiru lurralde historikoetako foru-aldundiekin, Euskadi osoan arreta soziosanitariorako.

Zehazki, hitzarmen horiek Osasuneko Sailburuak eta lurralde historiko bakoitzeko diputatuek sinatuko dituzte, eta 31 milioi euro inguruko gastua aurreikusten dute. Haien bidez, gizarte-zerbitzuen Euskadiko sistemako hiru baliabide mota garatzen lagunduko da: egoitza-unitate soziosanitarioak, adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzak eta egoitza-unitateak, laguntzadun etxebizitzak eta eguneko zentroak gaixotasun mental larria eta kronifikatua duten pertsonentzat.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Hezkuntza eta Ekonomia eta Ogasun sailei lotuta, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Zorrozaurreko uhartean bost higiezin erostea, Bilbon. Deustuibarreko 70. zenbakian dagoen eraikina osatzen duten lokalak dira eskuratuko direnak; eraikin hau, aldi berean, «Artiach» industria-multzoaren zati da. Higiezin horiek erosteko finkatutako prezio orokorra 1.250.000 eurokoa da. Eraikin honek hartuko du Ikaskuntzaren Berrikuntzarako Zentroaren egoitza nagusia.

Gainera, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur autobusetan eta kable bidezko garraiobideetan Barik eta Bat txartelen arteko elkarreragingarritasuna ezartzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (CTB) arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeari. Hitzarmenak jasotzen du Eusko Jaurlaritzak 109.099,65 euroko dirulaguntza zuzena emango diola CTBri proiektua gauzatzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailarik dagokionez, Gobernu Kontseiluan gaur onartu dira kultura-arloko jaialdiak antolatzeko 2022ko dirulaguntzak. Asmoa musika, arte eszenikoak, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak bultzatzen dituzten jaialdiak laguntzea da. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 350.000 euro bideratuko ditu dirulaguntza hauetara.

Prentsa-txostena