Garraio Sailak Bilboko tranbia Zorrotzaurreraino luzatzeko informazio-azterlana argitaratuko du

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Bilboko tranbia Zorrotzaurreko uharteraino luzatzeko informazio-azterlana jarriko du bihar jendaurrean. Trazadura berriak bost geltoki izango ditu, horietako bat Olabeagan, eta 2,4 kilometroko luzera izango du guztira.

42 milioi euro inguruko kostua (BEZik gabe) eta 30 hilabeteko egikaritze-epea duen obrarako azterlana EHAAn argitaratzen denetik aurrera, 30 eguneko alegazio-epea irekiko da. Zifrak hurrengo administrazio-prozesuak zehaztuko ditu, lanak egin bitartean jarraitu beharreko jarraibide teknikoak zehaztuko dituen eraikuntza-proiektuaren idazketak, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzak, ETSren bidez, eta Bilboko Udalak, bere lantalde teknikoen bidez, elkarrekin adostu dute trazadura, Bizkaiko hiriburuan tranbia hainbat fasetan ezartzea ahalbidetu duen finantzaketa-hitzarmenaren antzekoa egitearen zain.

Horrela, ibilbide berria Euskalduna Jauregiko geltokia gainditu eta gutxira abiatzen da. Bertan, tranbiak buelta emango dio Jesusen Bihotzaren biribilguneari, Zorrotzaurrera zein Kasillara joateko. Beraz, luzapen hori martxan jarri ondoren, gaur egun Jesusen Bihotzaren eta Euskaldunako biribilgunearen artean dagoen bulego-eraikinaren aurretik doan tartea utziko da.

Euskaldunako zubiaren sarrera eta Olabeagara doan errepidea gaindituta, ezkerraldea eta Bilbo lotzen zituen Renferen trenbide-trazadura zaharraren parean, trenbide bikoitzekoa izango den trazadura berriak eskuinera egingo du eta betelan batzuen gainetik jaisten joango da, erabiltzen ez den trenbide-plataformaren kotara iritsi arte.

Trokabideako bidegurutzearen inguruan, Ventosa bidetik Olabegaraino jaisten den trenbide txiki batean, egongo da San Mameseko eraztunetik gertu dagoen adar berriaren lehen geltokia.

Itsasadarra 100 metro inguruko zubi finko baten bidez gurutzatuko da, Olabeagako kaiaren eta San Nikolas kalearen inguruan. Zubiaren erdiko plataformatik tranbiek baino ez dute zirkulatuko eta oinezkoentzako espaloiak eta bidegorria izango ditu.

Behin uhartera iritsita, eta Zorrotzaurreko hirigintza-garapenerako diseinatutako plana amaitu arte, beste lau geltoki egongo dira. Lehena Frank Gehry Zubitik gertu egongo da. Zubi horrek Deustuko behealdearekin lotzen du uhartea, etorkizuneko hegoaldeko parke teknologikoaren ondoan.

Tranbiak uhartearen beste muturrerantz egingo du Galleteras Etorbidetik, eta bigarren geltoki bat izango du Artiach galleta fabrika zaharraren eraikinaren ondoan eta San Pablo Apostoluaren parrokiatik gertu.

Hirugarren geltokia Digipen eta Mondragon unibertsitateak hartzen dituzten Beta eraikinetatik gertu egongo da. Bilboko Udala erabilera publikoko plaza berri bat urbanizatzeko lanak eta geotermia proiektu bat egiten ari da bertan. Azkenik, uharteko laugarren geltokia etorkizunean iparraldean egingo den parke teknologikoaren parean egongo da, Lancor eraikinaren parean eta San Inazioko zubitik gertu.

Joan den martxoan Atxuri-Bolueta tartea martxan jarri zenean, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea eta 16 geraleku zituen Bolueta eta Kasilla artean. Etorkizunean Zorrotzaurrera luzatu ondoren, tranbiaren sareak 21 geltoki eta 10,5 kilometroko luzera izango ditu.