Gaur arratsaldean, Azkuna Zentroa Alhondiga Bilbaon, izan da “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 14. Edizioaren bukaera ekitaldia. Palmaresak epaimahaiak aukeratutako tituluen artean 19.500 euro banatu ditu, eta, horietatik, % 50 emakume zuzendarien lanak izan dira. Zinema Ikusezina “Film Sozialak” sariak Fatou Diop Ndaoren KIné pelikula senegaldarrak jaso du.
Jaialdiak iraun duen egunetan, kontinente ezberdinetako 32 herrialdetako 68 lan ikusi ahal izan dira. Filmetan jorratzen diren gaien artean iraunkortasuna, genero ekitatea, giza eskubideak, kultuartekotasuna edo balioetan oinarritutako hezkuntza egon dira. Hori dela eta, zinemaldiak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak babesten du, batez ere, baina baita Emakunde eta Migrazio eta Asilo zuzendaritzarena ere.
Gala aurretik, Mamadou Diak, Hahatay Son Risas de Gandiol GGKE senegaldarraren sortzaileak, 3052 liburuko aleak sinatu zituen. Liburu autobiografiko hori berriki argitaratu da euskaraz, eta Kultura Communication y Desarrollo KCD jaialdia antolatu duen erakundearen eta eLankidetzaren laguntza izan du.
Gizartea eraldatzeko ekimenak
eLankidetzak finantzatu eta modu aktiboan parte hartu du azkenengo 11 urteotan. Denbora horretan, zinema jaialdia funtsezko ekimena bihurtu da herritar kritiko eta errealitatearen jabe izan daitekeen gizartea sustatzeko.
Ildo horretan, laguntza hori (H)ABIAN 2030 Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren euskal estrategiari lotuta dago. Estrategian euskal erakundeek, GGKEek, hezkuntza eragileek eta gizarte mugimenduek parte hartzen dute, gizartea eraldatzeko hezkuntza ekintzak sortzeko eta sustatzeko.