Txertaketa-datu berriak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren kontrako txertaketaren informazio-buletina eguneratu du, egoera berrietara egokitzeko eta Euskadin txertaketa-prozesua hasi zenetik hartutako gardentasun-konpromisoarekin jarraitzeko.
Hori horrela, buletina eguneratzean, honako hauek dira nobedade nagusiak:
-
- Batetik, adin-tarteen araberako txertaketa-ehunekoetan, herritar ororen txertaketa-estaldurari dagokion atalean, bigarren oroitzapen-dosiaren ehunekoak gehitu dira.
-
- Bestetik, bigarren oroitzapen-dosiaren hornikuntzei eta dosiei buruzkoa eguneratu da.
Oroitzapen-dosiaren txertaketa
Osakidetza, iaz egin zuen bezala, herritarrei gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak eskaintzen ari zaie, aldi berean hartzeko, eta arrisku handiena duten kolektiboekin hasi da. Hori horrela, joan den irailaren 26an, txertaketa-kanpaina abian jarri zenetik, 205.182 pertsonak hartu dute bigarren oroitzapen-dosia. 80 urtetik gorako pertsonen % 53,3k berritu dute haien immunitatea COVID-19aren aurrean.
Gainera, joan den astetik, arrisku-kolektibokoak ez diren gainerako herritarrek hitzordua har dezakete gripearen kontrako txertoa hartzeko. COVID-19aren kontrako txertoa jartzeko, Osasun Publikoko Batzordeko langile adituen oharrak noiz jaso itxaron behar da; izan ere, oraingoz, aldi bereko txertaketa 60 urtetik gorakoentzat eta arrisku-taldeentzat baino ez da gomendatzen.
Nor dago arrisku-taldeetan?
-
- 65 urtetik gorakoak
-
- gaixotasun kronikoak dituztenak, hala nola diabetesa, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, kardiopatiak, etab.
-
- haurdun dauden emakumeak eta osasun-arloko eta eremu soziosanitarioko profesionalak.
Nola eskatu hitzordua?
Hasiera batean, lehentasuna ematen ari zaie arrisku-kolektiboetako pertsonei. Hori dela eta:
Arrisku-kolektibokoa bazara: eskatu hitzordua Osakidetzaren web-orriaren bidez edo osasun-zentrora deituz.
Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: zabalik dago gripearen kontrako txertoa jartzeko hitzordua hartzeko aukera.
Gainera, txertaketari buruzko zalantzarik baduzu, Osakidetzak galde-eskeen atala eguneratu du web-orrian, aldi bereko txertaketaren inguruan izan ditzakezuen zalantzak edo kasuistikak argitzeko:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/2022eko-gripearen-aurkako-txertaketa-kanpaina/