Hadimek, presio altuko ekipoentzat forjatutako produktu espezializatuak egiten dituen ETEa

0

Hadimek Itziarren (Gipuzkoa) kokatutako ETE bat da, 17 langile ditu eta 5 milioi euro inguru fakturatzen du urtean. Forjatutako piezak fabrikatzen ditu presio altuko ekipoentzat, batez ere sektore petrokimiko eta kimikorako eta oil&gas  industriarako, baina beste sektore batzuentzat ere lan egiten du, esaterako hidraulika, makina-erreminta, elikadura edo ekipo ondasunentzat. Konpainia honek bezeroaren arabera pertsonalizatutako produktuak egiten ditu –“inoiz ez ditugu fabrikatzen bi pieza berdin”-, eta  SPRI Taldearen   zibersegurtasun industrialeko programako  laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programan jasotako laguntzarekin, kudeaketa-sistema berri bat abiarazi du. “Hainbat jarraibide dauzkagu integratuta. Proiektua garapen bete-betean dago”.

Enpresa hau 2008an sortu zen lau bazkideren eskutik. “Proiektu berri bati ekiteko gogoz geunden. Hasieran, helburua zen pieza ertain eta handientzako mekanizatu-zerbitzua ematea, baina gero 2008ko krisia etorri zen, eta horrek behartu gintuen askoz harago joatera eta geure burua berrasmatzera” azaldu du konpainiako zuzendari nagusi Iker Aldabaldetrekuk.

Hala, zerbitzu bat eskaintzetik produktu osoak fabrikatzera igaro ziren. “Bi aukera geneuzkan: bezeroek lana bidali zain geratu ala interesatzen zitzaizkigun proiektuak bilatu, proiektu horiei balio erantsia emanez eskura geneuzkan bitartekoekin”. Hala, Hadimek-ek zerbitzu global, oso eta pertsonalizatuago bat behar zuten bezeroak bilatu zituen. “Helburutzat hartu genuen forjatutako pieza guztiz amaituak fabrikatu eta merkaturatzea, kalitatezko zerbitzua eskainiz eta bezeroarekiko konpromisoa hartuz. Kontuan izan behar da lehenagotik bageneukala materialei buruzko know-how handi bat, eta horri esker posible izan genuen bezeroekin kolaboratzea kasu bakoitzerako konponbide aproposenak aurkitzeko”. Gaur egun, hainbat pieza fabrikatzen dituzte material gama zabal batekin, besteak beste karbono-altzairua, aleatuak, herdoilezinak, duplex, super-duplex eta nikelezko aleazioak.

Hadimek 2012an nazioartekotu zen, nagusiki Europan, baina nazioarteko merkatua pisu handiagoa hartzen hasi zen enpresaren zorroan 2019tik aurrera.  “Hasiera ez zen samurra izan, baina gaur egun gure fakturazioaren % 40 zor diogu nazioartekotzeari”.

Inbertsio berriak

2014an nabearen azalera bikoiztu zuten, “eta makina berri bat eskuratu genuen. Hari esker, posible izan genuen fabrikazioko barne-prozesu berriak integratzea (ordura arte azpikontratatu egiten zirenak) eta autonomia handitzea proiektuetan, eta malguago bihurtu ginen bezeroentzat. 2019an errendimendu handiko zulaketa-zentro bat txertatu genuen eraginkortasuna eta gaitasuna hobetzeko”. Joan den urtearen amaieran beste inbertsio bat egin zuten azken belaunaldiko makinak erosteko, “eta horrek ateak zabaldu dizkigu merkatuak dibertsifikatzeko. Gainera, kudeaketa integraleko sistema berri bat ezartzen ari gara, segurtasun sistemen azpiegitura berri batekin. Horri esker prozesuak azkartu eta eraginkorrago egingo ditugu, eta zibersegurtasun-partxez hornitutako sistema eragile eguneratuak izango ditugu”.

I+G oso garrantzitsua da negozio honetan, eta “azken hiru urteetan SPRI Taldearen Hazitek proiektuan parte hartu dugu oil&gas sektoreko trakzio-enpresa handiekin, esaterako Tubacex, Ampo edo Erreka-rekin”.

Konpainiaren erronka nagusia da gehiago dibertsifikatzea, bai merkatuetan eta bai sektoreetan. “Dagoeneko lanean ari gara hidraulika, makina-erreminta, elikadura edo ekipo ondasunen sektoreekin. Alor horietan egiten dugun lan komertziala areagotu behar dugu, bai Estatuan eta bai nazioartean. Horrela lortuko dugu geure burua berrantolatzea eta plantilla handitzea”.

Hadimek plan estrategiko bat taxutzen ari da, baina ikuspegi dinamiko batekin. “Ezin du izan estatikoa, oso maiz eguneratzen da. Plan estrategikoak baliagarri zaizkigu jakiteko zer nahi dugun eta nora iritsi nahi dugun; baina hori guztia noiz eta nola lortu jakitea zailagoa da”.

Bestalde, enpresaren asmoa da bere nortasun-ikurrari eustea: “zerbitzu guztiz pertsonalizatu bat eskaini nahi dugu, gure tamainako enpresa batek eman dezakeen malgutasunarekin -horixe da gure indargunea-, eta balio erantsia duten proiektuetan murgildu nahi dugu. Proiektuaren zailtasuna identifikatu eta  denetarako konponbideak eskaini bezeroarentzat”. Zuzendari nagusiak dioenez, badute euren katalogoetan beti jartzen duten esaldi bat: “your forge partner”. “Horixe izan nahi dugu, bidaide bat, eta ez hornitzaile soil bat. Bezero batzuek guregana jotzen dute garrantzi handiko arazo konplexuak dituztenean. Gure asmoa da teknikoki eta mekanikoki gero eta osoagoak diren proiektuak garatzea”.