Couth: “Adimen artifizialak eta eredu prediktiboek gure bezeroen produkzio-kostuak murriztea ahalbidetzen digute”

0

4.0 Industriaren filosofia bete-betean ezarri da Gipuzkoako Couth Industrial Marking Systems enpresan, egoitza Hernanin duen eta hiru kontinentetan filialak dituen erakundearen CEOak, José Antonio Erdoziak, azaltzen duen bezala. 1954an hasi zenetik, Couthek industria-trazabilitateko sistemak fabrikatzen ditu, mikroperkusio, marraketa eta laser teknologien bidez. Bere ibilbide luzean zehar beti sinetsi izan du berrikuntzan, bezeroei produkzio-prozesuen eraginkortasunean laguntzeko. 

Aurten bertan Kataluniako E2M enpresaren erosketak 4.0 Industriaren aldeko apustua gailendu du. Horrela, “adimen artifizialaren eta eredu prediktiboen erabilera konbinatzeko aukera ematen” duela dio Erdoziak. “E2M Couth-en erosketak 4.0 Industriaren filosofiara garamatza zuzenean. Trazabilitate-sistemak eta ikusmen artifizialeko sistemak erabili eta konbinatzeak gure erabiltzaileak laguntzeko aukera ematen digu. Haien produkzio-prozesuetan kalitate gabeziaren kostuak murrizten eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen diegu”, zehaztu du. 

Couthek hainbat sektoretan lan egiten du: automozioa, oil&gas sektorea, siderurgia, trenbidea, aeronautika… eta bere fakturazioaren %83a kanpoko merkatuei dagokie. Erdoziak dioenez, helburua “banatzaileen bidez saltzeaz gain, gure filialen bidez saltzea” da. Izan ere,  enpresak instalazio propioak ireki ditu Txinan, Mexikoan eta Alemanian, eta datozen asteetan filial berri bat irekiko du Italian “gure bezeroengandik askoz hurbilago egoteko”, ondorioztatu du Erdoziak. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.