Euskal ordezkaritza Parisen da Grand Départ Pays Basquen aurkezpeneko azken xehetasunak zehazten

0

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru duen euskal agintarien ordezkaritza Parisen da jada, bihar, 11:30etan, Parisko Biltzar Jauregian egingo den 2023ko Tourraren aurkezpen ekitaldian parte hartzeko.

Lehendakariak ez ezik, Grand Départ Pays Basque 2023ren antolakuntzan parte hartzen duten zazpi euskal erakundeetako hainbat agintari ere presente izango dira ekitaldian. Hiru ahaldun nagusiak, Ramiro González (Araba), Unai Rementeria (Bizkaia) eta Markel Olano (Gipuzkoa); hiru hiriburuetako eta Amorebieta-Etxanoko alkateak, Gorka Urtaran (Gasteiz), Juan Mari Aburto (Bilbo), Eneko Goia (Donostia) eta Andoni Agirrebeitia. Era berean, Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere izan dira aurkezpenean, hala nola Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Eusko Jaurlaritzako bozeramailea; Javier Hurtado, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua; Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, eta Mikel Anton, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria.

Biharko ekitaldian, Grand Départ Pays Basque 2023aren harira prestatutako ikus-entzunezkoa proiektatuko da lehen aldiz, eta 2023ko Frantziako Tourreko kartel ofizialaren irabazlea izan den emakumezko euskal artistaren izena eta proposamen sortzailea ezagutaraziko dira.

Bestalde, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak 2023ko lasterketa osatzen duten 21 etapen xehetasunak emango ditu. Era berean, ekitaldian ASOk antolatutako Emakumezkoen Frantziako Tourraren bigarren edizioa aurkeztuko da. Maila goreneko proba honek zortzi etapa izango ditu eta 2023ko uztailaren 23tik 30era ospatuko da.

Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da 11:30etatik aurrera Frantziako Tourraren webgune ofizialean https://www.letour.fr/es eta Tourrak berak zein Grand Départ Pays Basque 2023k Facebooken dituzten profiletan: https://www.facebook.com/letour eta https://www.facebook.com/letour.euskadi.