2021ean, euskal erakunde publikoek 74,2 milioi eurotik gora jarri zituzten garapenerako lankidetzarako

0
2021ean, garapenerako lankidetzaren euskal erakunde publikoek 1.121ekimen bultzatu zituzten 66 herrialdetan, horretarako 74,2 milioi euro jarri zituzten, 212 erakunderen bidez bideratuak, gehienak Euskadikoak izanda. Ekimen horietatik 578 2021ean hasi ziren. Kopuru horiei buruzko xehetasunak argitaratu berri den Euskal Lankidetza zenbakietan 2021 txostenean aurkitu daitezke, Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian eskuragarri. Atariak Eusko Jaurlaritzaren, hiru foru-aldundien, hiru euskal hiriburuetako udalen eta Euskal Fondoaren informazioa biltzen du.

Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak aukera ematen digu euskal erakunde publiko horietatik lagundutako elkartasun-ekimenei buruzko ikuspegi orokor bat edukitzeko, eta kontuan hartzekoa da erakunde horiek direla Euskadin garapenerako lankidetzarako funts publiko gehien bideratzen dituztenak.

Modalitateen arabera, 2021ean ordaindutako 74,2 milioi euroak honela banatu ziren: % 62,73 garapenerako lankidetzara bideratu ziren; % 18,52, ekintza humanitariora eta larrialdikora; % 11,27, gizarte-eraldaketarako hezkuntzara; % 6,25 administrazio, kudeaketa, plangintza eta ebaluaziora; eta % 1,23 sektorea indartzera eta beste batzuetara.

Garapenerako lankidetzara eta ekintza humanitariora eta larrialdikora bideratutako funtsen (60,3 milioi euro guztira) banaketa geografia honelakoa izan zen: % 30,73 Erdialdeko Amerikara, Mexikora eta Karibera bideratu zen; % 27,52 Afrikara, % 24,76 Hego Amerikara; % 9,87 Asiara; % 3,78 Europara; eta % 3,34 herrialde anitzeko ekimenetara.

Garapenerako Lankidetzan eta Ekintza Humanitarioan eta Larrialdiko Ekintzan funts-bolumen handiena Guatemalan (% 9,64), Kolonbian (% 8,03), El Salvadorren (% 7,41), Perun (% 6,89), Bolivian (% 4,51), Senegalen (% 4,37), Palestinan (% 4,02), Mexikon (% 3,96), Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoan (% 3,28) eta Kongoko Errepublika Demokratikoan (% 3,03) erabili da.

Gizartea eraldatzeko hezkuntzara bideratutako funtsei dagokienez (8,3 milioi euro guztira), erdia baino gehiago (% 64,44) prestakuntzan eta sentsibilizazioan oinarritutako ekimenetara bideratu ziren, % 15,05 eragin politikora, % 9,22 ikerketara, % 5,87 berrikuntzara eta % 5,42 komunikaziora. Hezkuntza-ekimenen jarduera-eremuari dagokionez, batez ere hezkuntza informalaren esparruko proiektuak babestu dira (% 43,01), eta ondoren hezkuntza formala (% 33,36) eta hezkuntza ez-formala (% 23,63).

2014-2021 aldiko datuak

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria orain lau urte eman zen ezagutzera, eta 2014tik 2021era bitarteko datuak biltzen ditu. Aldi horretan, aipatutako erakundeek 513 milioi euro baino gehiago jarri dituzte elkartasun-ekimenetarako.

Funts horiei esker, 9.000 ekimenetik gora laguntzeko aukera izan da; gehienak garapenerako lankidetzarako proiektuetarako, laguntza humanitariorako eta larrialdi-laguntzarako, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza-proiektuetarako izan dira, eta, neurri txikiagoan, administrazioko, ebaluazioko eta sektorea planifikatu eta indartzeko gastuak estaltzeko.

Atariaren erabilerari buruzko datuak

2018ko azaroaren 30ean Ataria aurkeztu zenez geroztik, tresna hori gero eta gehiago erabili da. 2021ean 4.876 erabiltzaileren bisita jaso zuen atariak (% 58,93ko igoera 2020arekin alderatuta), eta horietatik 4.816 erabiltzaile berriak izan ziren. Halaber, 7.231 saio ireki ziren guztira (% 49,22ko igoera 2020arekin alderatuta), eta saio bakoitzeko batez besteko iraupena 3 minutu eta 52 segundokoa izan zen. Euskadin kokatutako erabiltzaileek egin dituzte kontsulta gehienak, baina Estatuko beste hainbat tokitatik eta munduko beste herrialdetatik ere egin dituzte kontsultak, Guatemalatik, Perutik, Estatu Batuetatik, Kolonbiatik eta Mexikotik adibidez.

Atariari buruzko informazio osagarria

Atariaren webguneak honako hauei guztiei buruzko informazioa ematen du, gardentasun osoz: garapenerako lankidetzarako baliabideak bideratzen dituzten euskal eragile publikoak; garatutako proiektuak, urtearen, toki geografikoaren eta erakundearen arabera sailkatuak; eta informazio osagarria, Euskadiren ekintza solidario publikoari buruzko ikuspegi orokor bat izateko, grafiko eta analisien bitartez.

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria, Eusko Jaurlaritzaren eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien; Bilboko, Donostiako, eta Gasteizko udalen; eta Euskal Fondoa Euskal Toki Erakundeen Lankidetzarako Elkartearen erakundeen arteko ekimen bat da. Hasieratik, EHUko lankidetza eta akonpainamendua izan du, Hegoa Institutuaren bitartez.