Lan eta Enplegu sailak 1,3 milioi euro bideratuko ditu logistikako eta garraioko prestakuntzara

0

Sektore estrategikoa da, eta Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari emandako dirulaguntza banaren bidez gauzatuko da

Lan eta Enplegu Sailak 1,3 milioi euro bideratuko ditu logistikaren eta garraioaren arloko prestakuntzara. Sektore hori estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegorako, eta trantsizio berriek eragindako aldaketetara egokitutako langile kualifikatuak beharko ditu. Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari hurrengo hilabeteetan emango zaien dirulaguntza banaren bidez gauzatuko da.

Idoia Mendia Lehendakariordeak eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Vitoria-Gasteizko Udalari milioi bat euro eta Arabako Foru Aldundiari 300.000 euro esleitzea onartu du, logistikaren eta garraioaren eremuan prestakuntza-plana eta prestakuntza-instalazioak hobetzeko proiektua ezartzeko.

2020-2024 legegintzaldiko programaren esparruan, Mendiak zuzentzen duen Saila ekimen ugari bultzatzen ari da pertsona landun eta langabeentzako enplegua sustatzeko. Programa horiek pertsonen eta enpresen beharrei erantzuten diete, lehenengoen enplegagarritasuna eta jarduera ekonomikoen lehiakortasuna areagotzeko, kualifikazioa hobetuz, enpleguari eusten lagunduz eta kontrataziorako laguntzak emanez.

Pandemian, logistika eta garraioa izan ziren biztanleriaren oinarrizko premiak asetzen eta jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusten gehien lagundu zuten sektoreetako bat. 2021ean susperraldia hasi ondoren, sektore horrek berriro erakutsi du ekonomiaren funtzionamendu orokorrerako duen balio estrategikoa eta kritikoa, eta epe labur eta ertainean enplegu-eskaera handiko sektore gisa eratu da. Gaur egun, sektore hori eraldaketa garrantzitsuak bizitzen ari da, garraio multimodalaren hedapenaren, digitalizazioaren eta teknologia berrien ondorioz, bai eta hornidura-kateen eskakizun berrien, merkataritza elektronikoaren hazkundeari lotutako kontsumo-patroien aldaketaren eta energia- eta klima-jasangarritasunaren bilaketaren ondorioz ere.

Aldaketa horien ondorioz, gero eta langile kualifikatuagoak eta prestakuntza espezifikoa duten profil profesional berriak behar izan dira, ingurune logistikoko teknologia eta lan egiteko modu berriak aplikatzeko gai direnak, eta prestakuntza arautuaren eta lanerako prestakuntzaren egungo egiturek oraindik ez dute horri erantzuten jakin. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoa leku pribilegiatuan dago jarduera logistikoetarako komunikazio-korapilo gisa, eta enpresa eta ekipamendu logistiko handiak ditu.

Horregatik, Lan eta Enplegu Sailak beharrezkotzat jotzen du sektoreko langileen lanbide-kualifikazioa hobetzen laguntzea, logistikaren eta garraioaren esparruan prestakuntza-instalazioak hobetzeko proiektu bat eta prestakuntza-plan bat diruz lagunduz. Proiektu hau Arabako Ganberak egindako prestakuntza-beharren azterlan batean oinarritzen da, sektorearen bilakaerari egokituta, eta kalitatezko prestakuntza-planak proposatu behar ditu, trantsizio digitalak, energetiko-klimatikoak eta demografikoak planteatutako erronkekin bat datozenak.

Dirulaguntza hauen bidez Logistika eta Garraioko prestakuntza-plan bat lortuko da, sektorearen beharrei lotua, datozen urteetako garapen-proiekzioan, Gasteizko Udaleko Ignacio Ellacuría/CETIC udal-prestakuntzako zentroan, Arabako lurralde osoko pertsonak kualifikatu ahal izateko. Era berean, zentro horretako instalazioak hobetu egingo dira, prestakuntza-planera egokitzeko.