Ikasleak Onartzeko eta Eskolatzeko Dekretu berria

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, Hezkuntza Sailak urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan egin dituen aldaketa nagusiak azaldu ditu gaur goizez, prentsaren aurrean. Aipaturiko Dekretu honek ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura eta irizpideak arautzen ditu, honako maila hauetan: Haur Hezkuntza (bigarren zikloko hirugarren mailatik aurrera); Lehen Hezkuntza; DBH; Batxilergoa; eta Lanbide Heziketa (Oinarrizkoa, Erdi Mailakoa edo Goi Mailakoa).

Aldaketa horiek Gobernu Kontseiluak egindako azken bilkuran onartu ziren, atzo, azaroak 2, eta datorren 2023-2024 ikasturterako onarpen prozesurako sartuko dira indarrean. Onarpenari eta Eskolatzeari buruzko Dekretu berria argitaratu ondoren, Hezkuntza Sailak hura garatzen duen Agindua argitaratuko du, 2023-2024 ikasturterako onarpen-prozesurako egutegia eta jarraibideak jasotzen dituena.

Gizartearen erronka

Aurkezpenean, Hezkuntza Sailak Dekretu honi ematen dion garrantzia nabarmendu du Bildarratz sailburuak, ikasle zaurgarrienei eman beharreko arreta aintzat hartuta. “Dekretu berri hau ezinbesteko tresna dugu gure ikastetxeek, etorkizunean, ikasle zaurgarriak modu orekatuago batean eskolatu ditzaten. Gure hezkuntza sistemak aukera berdintasunean, kohesioan, elkar-lanean sakontzen jarraitu behar du, gure gizartearen mesedetan” azaldu du, zeregin hori gizarte guztiaren erronka dela gehituz.

Sailburuak azpimarratu duenez, “gure gizartea asko aldatu da azken urteotan, eta errealitate sozial hori hezkuntza-sistemara ere eraman behar dugu. Erronka sozial bat dugu aurretik, eta hezkuntza ere inplikatu egin behar da. Diru publikoz ordaindutako ikastetxe guztiek batera lan egin behar dute, gizarte kohesionatuago baten alde, ikasle guztiek aukera-berberak dituzten hezkuntza sistema baten alde”.

Bildarratzen esanetan, Dekretu berria “espiritu horrekin jaio da”, eta helburuak partekatzen ditu egun izapidetan den etorkizuneko Hezkuntza Legearekin, eta baita apirilaren 7an Legebiltzarrean adostutako Hezkuntza Hitzarmenarekin ere. Bildarratzek gogoratu duenez, hitzarmen horrek “43 neurri zehatz ere jasotzen ditu”.

Berritasun nagusiak

Honako hauek dira Onarpen eta Eskolatze Dekretuaren erredakzio berriak eta hura garatzen duen Aginduak dakartzaten berrikuntza nagusiak:

    • Ikasle zaurgarriak eskolatzeko plazak erreserbatzea. Diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Plazen erreserba hori izena emateko epean eskaerak jaso ondoren ezarriko da. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoko ikastetxe guztien artean, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko.

 

Atal honetan, testu berriak zehazten du zein egoeratan egin beharko duten ikastetxeek erreserba, eta horien artean jasotzen da zaurgarritasun sozio-edukatiboko egoera ere. Dekretuaren idazkera berriak Hezkuntza-Laguntzako Berariazko Premia hauek denak hartzen ditu kontutan (HLBP): heldutasun-atzerapenak eragindakoak, hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak eragindakoak, arretaren edo ikaskuntzaren nahasmenduak eragindakoak, ikaskuntzako hizkuntza modu larrian ez ezagutzeak eragindakoak, hauskortasun sozio-edukatiboko egoerak eragindakoak, gaitasun intelektual handiak eragindakoak, hezkuntza-sisteman berandu sartu izanak eragindakoak, edo egoera pertsonalak edo eskola-historiako egoerak eragindakoak.

Plaza-erreserba Haur Hezkuntzako sarrerako mailan (2 urteko gela) hasiko da aplikatzen datorren 2023-2024 ikasturtetik aurrera, hezkuntza sistemara lehen aldiz iristen diren haurrekin. Era berean, erreserba egiteko, hezkuntza premia bereziren bat dagoeneko diagnostikatuta duten ikasleak ere aintzat hartuko dira.

    • Zaurgarritasun Indizea sortu da. Eragin-eremu bakoitzeko ikastetxeetako plazen erreserba eremu horretako zaurgarritasun-indizearen arabera zehaztuko da. Indize hori ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak) egingo du. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin elkarlanean ari da horretarako. Eskatzaileek galdetegi bat bete beharko dute eskabideak aurkezteko unean (2 urteko gelarako). Inkesta horren bidez, beren egoera sozio-edukatiboa ebaluatu ahal izango da, eta balizko zaurgarritasun-egoeran dauden zehaztu.
        • Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea, hiru ikasturtetan zehar, plaza kopuru handiagoa edo txikiagoa erreserbatuta. Ikastetxe bati ere ez zaio eskatuko 10 puntu baino gehiagoko ahalegina egitea, ikasturte bakoitzean.

       

 

    • Ikaspostuen kopurua zehaztea. Dekretua garatuz, 2023-2024 ikasturterako onarpen-aginduak jasoko du ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako eskola-plazen eskaintza benetako eskolatze-beharretara egokituko dela, gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuz. Horretarako, Hezkuntza Sailak ikastetxe bakoitzeko eskola-plazen kopurua zehaztuko du.

 

    • Eskaera bakoitzeko ikastetxe kopuru mugagabea. Eskabideak aurkezteko epean, familiek nahi beste ikastetxe adierazi ahal izango dituzte, lehentasun-ordenan eta mugarik gabe. Orain arte, gehienez ere 12 ikastetxe marka zitzaketen onarpen-prozesuan.

 

    • Adin zuzendua, muturreko goiztiartasuna edo goiztiartasun handia duten haurrentzat. Muturreko goiztiartasuna edo goiztiartasun handia duten haurrek, urte naturaleko azken lauhilekoan jaio badira eta Haur Hezkuntzako ikasturteren batean lehen aldiz sartzera badoaz, adinaren arabera dagokiena baino maila baxuagoan onartzeko eska dezakete. Horrela, haur hauen gizarte eta hezkuntza-integrazioa bultzatzen da; izan ere, goiztiartasun horrek heldutasun- eta ikaskuntza-prozesuan eragina izan dezake, batez ere jaiotza aurreikusitako urtearen aurreko urtean gertatzen den kasuetan. Hori dela eta, egoki ikusten da haur hauek zuzendutako adina kontuan hartuta eskolatzea. Gurasoek nahitaez txosten medikoa aurkeztu beharko dute horretarako.

 

Muturreko goiztiartasun-kasutzat hartzen dira haurdunaldiko 28. astea baino lehen jaiotako haurren kasuak, eta goiztiartasun handikotzat, berriz, 32. astea baino lehen jaiotakoak.

    • Ikasleak parte hartzaile, Onarpena Bermatzeko Batzordeetan. Onarpena Bermatzeko Batzordeen osaerari (lurralde bakoitzeko bat) ikasleen ordezkaritza gehitu zaio orain, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleena izan ezik. Lehendik zegoen ordezkaritzari gehitzen zaio ikasleena, hala nola, Hezkuntza Administrazioaren, Toki Administrazioaren, ikastetxeen, irakasleen eta gurasoen ordezkaritzari.

 

Baremoa eta irizpideak

Dekretuaren testu berriak, halaber, dagoeneko 2022-2023 ikasturterako onarpen-aginduan baremoan sartu ziren aldaketa eta irizpide berri asko jasotzen ditu (Agindu hori 2022ko urtarrilean argitaratu zen). Hala ere, berrikuntza garrantzitsu bat gertatu da atal honetan, bizilekua ikastetxetik hurbil egoteagatik lortutako puntuazioari dagokionez:

    • Baremorako puntuaziorik handiena honako kasu honetan eskuratu daiteke: aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan: 7 puntu. Eragin-eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak- 5 puntu eskuratuko ditu. Eragin-eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua (orain arte bizilekua eragin eremuan egoteak 6 puntu ematen zituen).

 

    • Irizpide berri bat sartu da baremoan, 0,5 puntu ematen dituena, familia-unitatea lekuz aldatu bada, honako arrazoi hauengatik: nahitaez mugitu beharra, azken urtean familiako kideetako edozein desgaitu izana, edo genero-indarkeriaren edo terrorismo-ekintzen ondoriozko bizileku-aldaketa.

 

Bizilekuaren gertutasunaren ondoren, eskatutako ikastetxean (edo hari atxikitako batean) neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta egotearen irizpidea da puntuaziorik handiena ematen duena: 6,5 puntu. Orain arte hori zen (ikastetxean matrikulatutako neba-arrebak izatea) baremoan puntuazio handiena ematen zuen irizpidea (6,5 puntu).

Baremoan jarraitzen dute, besteak beste, honako irizpide hauek: familia-unitatearen urteko errenta (gehienez 3 puntu); desgaitasuna (gehienez 2 puntu); familia ugaria (gehienez 1,5 puntu); guraso bakarreko familiakoa izatea (puntu 1); ikaslea harrera-familian egotea (puntu 1); erditze anizkoitzean jaio izana (gehienez 1,5 puntu); DBHko espediente akademikoa, Batxilergoan sartzeko (gehienez puntu 1); terrorismoaren biktima izatea (puntu 1); edo genero-indarkeriaren biktima izatea (puntu 1).

Ikastetxeek jasoriko eskaerak barematzen dituzte, soilik, maila eta hizkuntza-eredu jakin baterako jasotako eskaeren kopurua eskuragarri dauden plazen kopurua baino handiagoa denean. Barematzeko irizpideei buruzko Dekretuaren eranskina Haur Hezkuntzatik Batxilergora aplikatzekoa da, baina ez Lanbide Heziketan.