● Guztira 100 gazta eta jogur aurkeztu dira, Tolosan ospatu den Euskal Herriko Gazta eta Esneki Lehiaketaren estreineko ediziora.
● Euskal Herriko XII. Frisoi Txapelketan, berriz, 54 parte hartzaile izan dira eta Cascanteko Planillora joan da sari nagusia.
Tolosa esnekien hiriburu eta bilgune izan da ESNEKI azoka bereziari esker. Lehen aldiz ELIKER Kalitatezko Elikadura Zentroak sustatuta, Eusko Jaurlaritzaren, HAZIren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Tolosako Udalaren eta Tolomendi LGEren laguntzarekin.
Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esneki mota guztiak ezagutzeko eta dastatzeko aukera eskaini du hitzordu gastronomiko berriak. Eta aniztasun horren ispilu izan da parte-hartzaile kopurua: hogeitik gora ekoizlek jarri dute postua azoka berezian, eta 99 gaztak hartu dute parte hitzordu nagusian, Euskal Herriko gazta eta esnekien lehenengo lehiaketan.
Hamabost kategoriatan banatu da txapelketa, eta maila bakoitzeko irabazleen artetik aukeratu du, gastronomia munduko 40 lagunek osatutako epaimahaiak, txapeldunen artean txapelduna. Asteasuko Goine Berriaren ‘Otzara Goine’ pasta bigunak jaso du Euskal Herriko gazta onenaren sari nagusi hori.
87 behi Frisoi Txapelketan
Euskal Herriko XIII. Frisoi Txapelketa ere goizean ospatu da Ferialekuan, hobekuntza genetikoaren eta ganaduzaleen eguneroko lanaren bidez lortu diren lorpenak ezagutzera emateko helburuarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 6 ustiategik hartu dute parte, 87 abelbururekin. Lehiaketa zortzi ataletan banatu da, eta sari nagusiaz gain, beste lau sari berezi banatu dituzte.
Sari Nagusia, Behien Txapeldunen txapelduna, Cascanteko Planillorentzat izan da. Bigen sari berezia, berriz, Ardeok (Gatika) irabazi du. Errape hoberena duen behia Cascanteko Planillokoa izan da. Ganadutegi hoberenaren ohorezko garaikurra azkenik, Gatikako Ardeok irabazi du.
Esnegintzan murgilduz
Azoka bereziaz eta lehiaketez gain, bestelako jarduerak egiteko aukera eman du ESNEKIk. Beotibar Pilotalekuan, esaterako, Euskal Herriko gazta ugari dastatzeko bisita gidatuak erabat arrakastatsuak izan dira, eta ‘Esnetan’ espaziora, berriz, familia ugari gerturatu dira. Besteak beste, txekorrak nola elikatu, esne motak bereiztu edo esnekiak sortzeko prozesuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte etxeko txikienek.