Aerobladek mini-eolikoaren eta itsas eolikoaren aldeko apustua egin du, bere ekoizpena are gehiago dibertsifikatzeko asmoarekin

0

Aeroblade energia eolikoan espezializatutako enpresa da, eta ingeniaritza-zerbitzuak eskaintzen ditu sektoreko edozein arloetan: piezen diseinuak, parke eolikoak eraispena… “Energia produkzioarekin, errendimenduaren optimizazioarekin eta parke eolikoen operazio eta mantentze-lanetarako aholkularitza estrategikoarekin lotutako zerbitzuak ere eskaintzen ditugu”, azaldu du Oscar Lois Vidal Aerobladeko ingeniaritza arloko zuzendariak. Enpresak bi lantegi ditu Arabako eta Bizkaiko teknologia-parkeetan, eta Aernnova enpresaren filial eolikoa da. 

Bere lan-arlo nagusia egituren diseinua den arren, enpresak 2015ean ekoizpena dibertsifikatzea eta soilik aerosorgailuen palen fabrikatzaile eta diseinatzaile izateari uztea erabaki zuen. Gaur egun, enpresa nazionalak eta nazioartekoak ditu bezero, makinak diseinatzen eta fabrikatzen dihardutenak, parke eolikoen jabeak, mantentze-enpresak… 15 urte hauetan, Aerobladek Europako herrialde gehienetan egin ditu proiektuak, Estatu Batuetan, Brasilen, Txinan edo Hego Korean. 

Gainera, enpresa azken aldian mini-eolikoaren sektorearen aldeko apustua egiten ari da, 1,5 kW eta 3 kW arteko autokontsumorako soluzioa. “Herrialde batzuetan, beharrezkoa izango da. Ez du zentzurik izango parke eoliko handi zentralizatuak edukitzeak; aitzitik, kontsumo-tokietatik hurbil instalazio txikiak banatzearen alde egingo da. Somatzen ari garenez, horrelako aerosorgailuen merkatu-eskaria dago, eta uste dugu energia berriztagarrien garapena norabide horretan joango dela”, ingeniaritzako zuzendariak dioenez. 

Aerobladek FLOAT & M proiektuan parte hartzen du, itsas eoliko flotatzailearen esparruan soluzio berritzaileak garatzeko ekimena. “Proeiktu honetan gaude, Aerobladeren lan-taldean ezagutza sortzeko, baita beste enpresetan ere. Merkatua hazten denean prest egon nahi dugu goraka ari diren instalazio horiei euskarria emateko”, aurreratu du Oscar Lois Vidalek. Proiektu hau SPRI Taldearen Hazitek programak finantzatzen du. 

Aerobladek ALMA izeneko plataforma digital bat ere garatu du, bezeroek beren aktibo berriztagarriak kudeatu ahal izan ditzaten, bai egitura-mailan, bai energia-eraginkortasunari dagokionez. Etorkizunari begira, enpresak mini-eolikoaren eta itsas eolikoaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du, baita plataforma digitala indartu eta bere bezeroekiko harremana sendotu. 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.