Hezkuntza Sailak bat egin du Euskaraldiarekin

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bat egin du aurten ere Euskaraldiarekin, hizkuntza ohiturak astintzeko xedea duen ariketa sozialarekin. Aurten hirugarren edizioa du ekimenak, eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean burutuko da, “Hitzez ekiteko garaia” lelopean. Aurreko urteetan bezala, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzea da Euskaraldiaren helburua.

Hezkuntza Saileko langileek atxikimendua erakutsi diote gaur ekimenari, Jokin Bildarratz sailburua buru zela Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza nagusian egin den bilkuran. Saileko langileak ari dira Euskaraldian izena ematen eta Ariguneak ere osatuko dira, Lakuan ezezik baita lurralde ordezkaritzetan ere.

“Hitzez ekiteko garaia” lelopean egingo den hirugarren edizio honetarako izena emateko epea zabalik da oraindik, eta halaxe egongo da Euskaraldia hasi arte, Belarriprest edo Ahobizi gisa parte hartu ahal izateko. Aurten, gainera, aurreko urteetan izena eman zutenek, parte hartzea berretsi baino ez dute egin beharko, www.euskaraldia.eus gunean sartuta edo posta elektronikoan jasoko dituzten mezuen bidez.