Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Material Aurreratuen I+G+Brako Programa Osagarriaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du gaur eguerdian, Gandian (Valentziako Erkidegoa), Material Aurreratuei buruzko Estatuko lehen konferentziarekin bat eginez. Ekitaldi horretan, Eusko Jaurlaritzak programa horretan parte har dezan adierazpen instituzionala sinatu du Bildarratzek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin. Euskadirekin batera, beste bost autonomia erkidegok ere parte hartzen dute programan, hala nola, Aragoi, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentzia eta Madrilgo erkidegoek. Euskadi horiekin elkarlanean arituko da.
Material Aurreratuen plan osagarriak materialen arloko I+G+Bko jarduera finkatzen du, ildo estrategikoetan lidergo zientifikoa babestuz eta parte hartzen duten autonomia-erkidegoen arteko lankidetza indartuz. Hori guztia, talentua ikertu, sortu eta erakartzeko eta dauden azpiegitura zientifikoak indartzeko programa baten bidez. Halaber, ikerketa-zentroen, zentro teknologikoen eta enpresen arteko sinergiak sustatzea ere badu xede, berrikuntza eta garapen teknologikoa bizkortzeko.
Programa honetan parte hartuta, Euskadik 5.559.000 euroko finantzaketa jasoko du Europatik, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, programarako 4.641.000 euro ipintzeko konpromisoa hartu du. Beraz, Euskadi garatzen hasi den programa 10,2 milioi eurora iritsiko da. Europako finantzabide berri hori Eusko Jaurlaritzarentzat azken urteotan estrategikoa izaten ari den ikerketa-ildo batean inbertsioak indartzen jarraitzera bideratuko da, materialen zientziaren eremu honetan Euskadi munduko ikerketa zientifikoko nodo gisa bultzatzeko helburuarekin.
Material aurreratuetan erreferente
Bildarratz sailburuak ekitaldian adierazi duenez, materialen ikerketak jauzi kualitatiboa egin zuen 1999tik aurrera Euskadin, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa eta Nanogune IKZren sorrerarekin. Material aurreratuen inguruko ikerketan oinarritutako euskal nodo zientifikoa osatu zen era horretan. Jauzi zientifiko horrekin batera, teknologia eta berrikuntza-arloko beste jauzi bat egin da, zentro teknologikoen eta enpresen eskutik, Tecnaliaren eskutik, bereziki, Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailak bultzatuta. Horrela, grafenoaren aurkikuntzaren ondorioz, 2D materialak egungo Materialen Zientzian ikerketa-gune garrantzitsuenetako bat bihurtu dira.
Programa honen bidez, Euskadik lan-ildo estrategiko horretan nazioartean duen presentzia sendotu nahi da, material aurreratu horiei buruzko diziplina anitzeko ikerketa bat garatzeko beharrezkoak diren giza baliabideekin eta baliabide materialekin indartuz, 2D mugan sortzen den fisika berria barne hartuko duena, haren aplikazioei begira. Bestalde, energiarako materialen ikerketa bultzatuko da, material eta prozesu berritzaileak garatuz eta integratuz ekonomia berde eta erresiliente baterako trantsizio energetikoan. Azkenik, funtzionalitate aurreratuak dituzten materialak diseinatuko dira —batez ere, kanpoko estimuluei erantzuten dieten materialak—, gizarte-premiak asetzeko aplikazioak garatzeko oinarri izango direnak. Bereziki, Euskadiren parte-hartzea honako arlo hauetan oinarrituko da: Informazioaren eta Komunikazioen Teknologiak (osagai elektronikoak eraginkortasunez fabrikatzeko materialak, informazioa biltegiratzeko eta prozesatzeko kontzeptu berriak, detekzio optimizatua, etab.), Mugikortasuna; eta Habitata eta Ingurumena.
Plan osagarrien inbertsio hau Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Ikur 2030 Estrategiarekin indartzen da. Estrategia horri esker, Bildarratzek gaineratu duenez, “materialen arloan ditugun gaitasun zientifikoak are gehiago indartzen ari gara, superkonputazioaren eta adimen artifizialaren bidez, eta material aurreratuetan erreferente izatea espero dugu, eremu ugaritan”.
Sailburuak oso positibotzat jo du gaur sinatutako plana, eta “zientziaren eta gizartearen mesedetan elkarlanean jarraitzeko prest” agertu da. “Eusko Jaurlaritza beti izan da prest beste eragile batzuekin batera lan egiteko, bikaintasun zientifiko eta teknologikoaren premisarekin”.
Bildarratzek berretsi du “ezagutza zientifikoa sortzea lehentasuna dela Euskadin”, bai Eusko Jaurlaritzarentzat, bai gizarte osoarentzat. Horren erakusgarri, zenbait datu eman ditu, hala nola, Euskadik I+G+Bko gastuaren gaineko % 6ko igoera duela urtero gutxienik, 2030era arteko ikuspegiarekin; edo Euskadik Estatu osoan BPGrekiko baliabide-portzentaje handiena inbertitzen duela, %2,20 2020an, 2030ean %3ra iristeko nahiarekin.
Zentzu horretan, ikerketako inbertsio horiek ematen dituzten emaitzak balioetsi nahi izan ditu, baita maila goreneko zientzialari eta zientzialarien erakarpena ere: “talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko maila goreneko gaitasuna sekulakoa da. Gaur egun 336 Ikerbasque ikertzaile ditugu eta 2025ean gutxienez 400 izango ditugu”, adierazi du Hezkuntza sailburuak.
Ikur 2030 Estrategia
Eusko Jaurlaritza material aurreratuen aldeko apustu irmoa ari da egiten hamarkadetan, eta are ahalegin handiagoz azken urteetan. Horren adibide da Ikur 2030 Estrategia, Hezkuntza Sailak 2021ean bikaintasuneko ikerketaren esparruan abian jarritakoa. Material aurreratuak zeharkako lerroa dira Ikur Estrategiaren neuro eta biozientzien eremuan, bai eta teknologia kuantikoen eta neutrino eta neutroien eremuetan ere.
Material aurreratuek Ikur 2030 Estrategiaren lau eremu horietan duten zeregina ez da nolanahikoa, ez eta aliritzira hautatua ere. Erronka globalei erantzuteko duten ahalmenaren aldeko mundu mailako apustuari erantzuten dio; izan ere, nazioarteko zientzia-ekimen eta ikerketa-ildo nagusiekin lerrokatutako esparrua da, eta Euskadik, material aurreratuei dagokienez ere, gaitasun bereziak eta posizionamendu ona ditu. Euskadiko zientzia-sarea indartzea eta nitxo zehatzetan nazioarteko posizionamendua lortzea du helburu Ikur 2030 proiektuak. Horregatik, apustu honi erantzuteko 282 milioi euroko inbertsio globala dago aurreikusia 2021-2030 aldirako, ikerketako lau eremu estrategikoetan.
Material Aurreratuen Plan Osagarrian Euskadik duen partaidetza, material aurreratuen modelizazioari eta simulazioari aplikatutako superkonputazioa (HPC) sustatzeko IKUR estrategia indartzean oinarritzen da, Eusko Jaurlaritzaren IKUR estrategian parte hartzen duten bikaintasun-ikerketako eta teknologiako beste euskal zentro batzuekin lankidetzan.
Material Aurreratuen, Superkonputazioko eta Adimen Artifizialeko Poloa
Estrategia horren ildotik, Hezkuntza Sailak Superkonputazio eta Adimen Artifizialeko Polo baten garapena bultzatu du, Euskadi ahalmen handiko eremu horretan erreferente gisa kokatzeko. Horri esker, gizartean eragin handia izango duten teknologia oso disruptiboak sortu ahal izango dira, eta industria-sektore ugarik baliatu ahal izango dute honen garapena.
Helburu horrekin, Hezkuntza Sailak gaitasun zientifikoak indartzea aurreikusi du, azpiegiturei dagokienez, Donostian bi ikerketa-zentro berri abiarazita: Ikerbasque zentroa eta DIPC ikerketa zentroaren handitzea. Zentro horiek 12.000 metro koadro izango dituzte, eta neurri handi batean material aurreratuen ikerketara bideratuko dira, egungo poloa indartuz eta bikaintasun-zientziako ikerketatik eratorritako Euskadiko industria-gaitasunak handitzeko aukera emanez.