Beatriz Artolazabal: «Eutanasiari buruzko eztabaida, José María Lidón´en omenezko jardunaldietan, bizitzara magistratuaren memoria ekartzeko eta haren balioak defendatzeko modurik onena da»

0
PRUEBA

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuaren iritziz, “eutanasiari buruzko eztabaida José María Lidónen omenezko XVII. jardunaldien gai nagusia izatea bizitzara magistratuaren memoria ekartzeko eta haren balioak defendatzeko modurik onena da, haren adibideari jarraikiz”.

José María Lidón magistratuaren omenezko XVII. jardunaldien lema “Eutanasia eztabaidagai” da, eta Bilboko Justizia Jauregian dira. Gaur, ostegunean, Ignacio Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburuak eta Carmen Adán Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusiak hitz egin ondoren, mahai-inguru bat egingo da: “Ikuspegi etikoa eta kontzeptuak mugatzea eutanasiari dagokionez”. María Jesús Goikoetxea Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideetako doktoreak eta Elena Gutiérrez Alonso medikuak eta Unibertsitate Konplutentseko Bioetikako magisterrak hitz egingo dute.

“José María Lidónek zuzenbide konprometituaren eta pertsonen zerbitzura dagoen zuzenbidearen inguruan zuen grina jardunaldi hauetarako aukeratu diren gaietan islatu da, urterik urtera. Lidón Zuzenbidearen eta Justiziaren balioak ordezkatzeagatik erail zuten. Ba al dago modu hoberik bizitzara haren memoria ekartzeko balio horiek haren adibideari jarraikiz defendatzea baino?”, esan du Beatriz Artolazabalek.

Memoria

Artolazabalek gogora ekarri du Lidón magistratuaren irudia: “doilorki erail zuen ETA erakunde terroristak, 2001eko azaroaren 7an. Haren oroitzapenak batzen gaitu hemen: zuzenbidearen eta irakaskuntzaren zale amorratua zen; ikasleak orientatzeko denbora ere ateratzen zuen. 21 urte igaro dira hil zutenetik, eta, era berean, haren memoriak bizirik jarraitzen du gizartean, urteko jardunaldi horiei esker».

“Garrantzitsua da joan zirenak ez ahanztea. José María Lidónen eta terrorismoaren eta giza eskubideen urraketa guztien gainerako biktimen memoria bizirik mantentzea EAEko gizartearen betebehar moral bat da. Haiek ahanztea erailketen bidegabekeriaren konplize egitea bezalakoa izango litzateke”, azpimarratu du Artolazabalek.

“ETAko terrorismoaren biktimak aitortzea eta haien memoria babestea justizia-egintza bat da, eta esanahi politikoa ere badu; hura terrorismoak haren proiektu totalitarioa eta baztertzailea inposatzeko ezabatu nahi izan zuen guztiaren defentsan zehazten da. Hala adierazten du Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko EAEko Legeak; hark gehitzen du gure bizikidetzaren etorkizuna biktimen memoriaren gainean eraiki beharko dela”, esan du Artolazabalek.

Justiziaren arloko EAEko Administrazioko arduradun nagusiak honako hau proposatu du: “historia hori ez errepilatzeko gehien sufritu dutenak gogoraraztea. José Maria Lidón Zuzenbidearen eta Justiziaren balioak ordezkatzeagatik erail zuten. Ba al dago modu hoberik bizitzara haren memoria ekartzeko balio horiek haren adibideari jarraikiz defendatzea baino? José María Lidónek zuzenbide konprometituaren eta pertsonen zerbitzura dagoen zuzenbidearen inguruan zuen grina jardunaldi hauetarako aukeratu diren gaietan islatu da, urterik urtera, eta bereziki oraingoan, gai eztabaidatsu bat landuko baita, eutanasia”.

Eutanasia arautzen duen Lege Organikoa (martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa) indarrean sartu zenetik urtebete igaro ondoren, Artolazabalek honako hau esan du: “unea da legearen aplikazioaren lehen balantzea egiteko, bai eta eragin ahal izan dituen arazoena ere, nahiz eta, beharbada, bizitzaren amaierari aurre egiteari buruzko kontu delikatuaurik eta konplexuagorik ez egon”.

Gai eztabaidagarria

“Zer jarrera izan behar dugu giza baldintzarekin batera batzuetan izaten den sufrimenduaren aurrean? Nola egin bateragarri autonomia pertsonala eta bizitza duina izateko eskubidea elkarren aurka egon daitezkeen beste konstituzio-eskubide edo -interes batzuekin?”, esan du Sailburuak. “Legearen onarpena eztabaidagarria izango zen, ziurrenik, baina duela urtebete dago indarrean, eta egokia da haren aplikazioaren balantzea egitea, bai eta haren interpretazioak ekarri dituen arazoena eta izan dituen eraginena ere”.

Artolazabalek gogorarazi duenez, “3/2021 Lege Organikoa ez da mugatzen eutanasia aktibo baimenduaren eta errukiagatikoaren kasuak despenalizatzera. Gaixotasun larriko eta sendaezineko edo pairamen larriko, kronikoko eta eragozleko kasuetan, etengabeko sufrimendu jasanezina dakartenetan, hiltzeko laguntza-prestaziorako eskubide subjektiboa ere bada. Prozedura bermatzailea eta zorrotza ezartzen du prestaziora jotzeko”.

“Jardunaldiotan, Legea nola aplikatzen ari den, interpretaziorako dauzkan arazoak eta arazo horiei irtenbidea nola eman zaien aztertzeko aukera izango da. Jardunaldiek gaiari ikuspegi intersektorialetik, etikotik, medikotik eta juridikotik heltzen diote eta horretan asmatu egin dute. Hausnarketa horiek bizitzaren kalteberatasuna gehien sufritzen dutenei bizitza duinerako eskubidea bermatzen dieten elkartasunean, laguntzan, zaintzan eta gizarte-erantzukizunean jar dezakete enfasia”, esan du Sailburuak, amaitzeko.

Ikuspegi medikoa; eutanasiaren esperientzia legea indarrean sartu ondoren. Erronkak eta zailtasunak” mahai-inguruko protagonistak ltxaso Bengoetxea Eutanasiaren arloko Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea eta zainketa aringarrietako mediku espezialista eta Jesús Ángel García familia-medikua eta Barakaldo-Sestaoko erakunde sanitario integratuko eutanasiaren arloko erreferente-taldeko kidea izango dira.

Gaur arratsaldean, 15:00etatik aurrera, “Ikuspegi juridikoa: eutanasiaren erregulazioa eta balorazio kritikoa” hitzaldia izango da, Antonio del Moral Auzitegi Goreneko zigor-arloko bigarren salako magistratuaren eskutik.

Bihar, ostiralean, azaroaren 11n, goizeko 10:00etan, honako mahai-inguru hau izango da: “Baimen informatua: ikuspegi juridikoa eta medikoa. Hura baliozkotzeko eskakizunak eta eutanasiari aplikatzea”. Isabel López Abadía Bizkaiko Medikuen Elkargoko Deontologia Batzordeko presidentea, eta Pedro Crespo Konstituzio Auzitegiko Fiskaltzako salako fiskal-burua izango dira hizlariak.

Kontzientzia-eragozpena eutanasiaren arloan” hitzaldia Naiara Arriolak emango du, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko doktoreak. Arartekoak eta Bizkaiko Abokatuen Elkargoko dekanoak itxiko dituzte jardunaldiak.