Eusko Jaurlaritzak larrialdi handietan biztanleriari abisuak helarazteko ES-Alert sistema probatu du Bilboko bi auzotan

0
PRUEBA

Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria Eusko Jaurlaritzak, SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez, ES-Alert sistemarekin egin duen proban izan da. Biztanleriari abisuak helarazteko sistema horren bidez, larrialdi edo hondamendi handi batek eragindako herritarrei mezu bat bidaltzen zaie telefono mugikorretara.

Bilboko Txurdinaga eta Begoñako Andramaria auzoetako eta inguruko bizilagunek abisu simulatu bat, txistu bat, jaso dute gaur goizean, biztanleriari alertak helarazteko sistema berriaren proba bat baino ez zela azaltzen zuen mezuarekin batera.

Berez, simulazioa abisu-eremuko antenetara konektatuta zeuden telefonoetara iritsi da zuzenean. Alde horretatik, nabarmendu behar da Euskadik 2020tik duela biztanleriari abisuak igortzeko “Alderantzizko 112” sistema propioa, 112 SOS Deiak aplikazioan integratuta, eta horren bidez arrisku-egoeren abisu zehatzak jaso daitezke eragindako pertsonak dauden lekuaren arabera. Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiak babestutako ekimen berriak, beraz, Euskadin jada ezarrita dauden autobabes-erremintak osatuko ditu.