Lantaldeak autokritika eskatzen du “zuzenean eta aitzakiarik gabe” terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen adierazpen desberdinetan “zuzeneko eta zeharkako erantzukizunak” izan zituztenei

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da, gaur arratsaldean Bilbon, Memoria Eguna ospatzeko ekitaldiaren buru, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta memoriaren politika publikoen arduraduna ere badenarekin batera. Beraiekin, arloko lan talde osoa: José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria, eta Monika Hernando Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendaria.

Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako urteroko ekitaldiak erakundeetako agintari nagusiak bildu ditu: Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria; Josu Erkoreka, Lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua; Idoia Mendia, Bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua; Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otadui eta Xabier Ezeizabarrena, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto.

Eusko Jaurlaritzaren Memoria Eguna ospatzeko erakunde-ekitaldia, era berean, eskenatokia izan da proiektu baten emaitza aurkezteko; zehazki, Euskadin memoriaren gizarte-eraikuntzarako partekatutako oinarriak jasotzen dituen dokumentua hain zuzen. Josu Elespe eta Maria Jauregi ETAko biktimen senitartekoak eta Axun Lasa torturen biktima eta GALen biktima baten ahizpa, eta Unai Belaustegi, Eider Landaberea eta Virginia López de Maturana historialariak dira gaur aurkeztutako ‘Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak’ dokumentuaren egileak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak proiektuaren emaitzak aurkeztu ondoren hitz egin du, eta egileei egindako ahaleginagatik eskerrak eman ostean, esan du partekatutako oinarri horiek adostu izana “bizikidetzarako ekarpen baliotsua” dela.

Aurtengo Memoria Egunaren lema honako hau da: ‘Bizikidetzarako memoria. Memoria para la convivencia Guztion memoria-memoria guztiak’. Lehendakariak horri erreparatuz adierazi du: “Memoria zertarako? Memoria bizikidetzarako». “Memoria, indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etikoetan eta demokratikoetan eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritzen den bizikidetzako eredu baten funtsezko euskarri izan behar duena”.

Iñigo Urkulluk Euskadirako “memoriadun etorkizuna” behar dela defendatu du. “2022ko Euskadira ekarri gaituzten konpromiso, aktibo eta balio guztien memoria; Euskadi, garapen jasangarriko eredu propioa eta aurreratua duen herrialdea. Eta, era berean, hamarkadetako terrorismoaren eta indarkeria politikoaren memoria. Ezin dugu, ez dugu nahi eta ez dugu ahaztu behar. Izan ere, memoria da errepikapena ebitatzeko bermerik onena, aniztasun politikoan eta gizarte-aniztasunean eredu sendo bat eraikitzeko bermerik onena”, esan du Lehendakariak.

Euskadin bizikidetza eraikitzeko bide horretan autokritika eta erantzukizuna sartzeko beharra ere aipatu ditu Urkulluk. “Guztion autokritika, baina, batik bat eta bereziki, hamarkadetan zehar izuaren eta indarkeria politikoaren zuzeneko eta zeharkako arduradun izan zirenen aldetik; izan ere, euskaldun guztiek ez zuten izan eta ez genuen izan erantzukizun bera. Autokritika eta erantzukizuna, zintzo eta kontsekuentea”.

Esan du, era berean, bide horrek eskatzen duela nork bere burua justifikatzea alde batera uztea, esanez kasu horretan bidegabekeria etikoa, politikoa eta demokratikoa izan dela, dena eta izango dena baino ez duela justifikatu nahi. Hori horrela, Urkulluk dimentsio etikoak nolako garrantzia duen azpimarratu du: “Etikatik begiratzea”. “Historiatik eta memoriatik begiratzea, biktimen esperientziatik. Begirada autokritikoa, nork bere burua justifikatzea bilatzen ez duena; begirada etikoa ere izan behar da, ondorio nagusi bat dakarrena: bidegabea izan zen. Hura da, zalantzarik gabe, berriro ez gertatzeko bermerik onena”.

“Ahaztu ezin dugun, behar ez dugun eta nahi ez dugun” iragan horri nola begiratu galdetzean, Urkulluk esan du “gertakarien egia oinarri hartu” behar dela, “gertakari guztiena”. Zientzia historikoaren printzipioetan, ezagutzan eta zorroztasunean oinarrituta begiratzea, “fenomeno historikoak ulertzeko” asmoz, baina “justifikatzeko inolako asmorik gabe”.

Begirada horrek biktimak barne hartu behar ditu; “haiek dira terrorismoaren eta indarkeria politikoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari. Haien begietatik eta haien esperientzietan oinarrituta begiratzea, zalantzarik gabe, gaur egin diezaiekegun aintzatespen-ekitaldi onena da”.

Ekitaldiaren garapena

Ekitaldiak ordezkaritza instituzional, politiko eta sozial zabala izan du. Bertan izan dira Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordeko kideak; Gogora Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Bilboko Udaleko Bake eta Bizikidetzarako Foroko kideak; Bizkaiko Foru Aldundia; Arartekoa; Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetza; eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa. José Antonio Ardanza Lehendakaria ere ekitaldian izan da, bera da gaur aurkeztu den dokumentua egiteko elkarrizketatu dituzten 23 pertsonetako bat.

Giza Eskubideen eta Euskal Unibertsitateen eremuko gizarte-sarea ere ordezkatuta egon da, baita Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua, Gazteriaren Euskal Kontseilua, Unesco Etxea ere.

Guztiek babestu dituzte gaurko ekitaldi instituzionalean izan diren terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak.

Gaur argitara eman den dokumentua solasaldi modura aurkeztu dute sei egileek, lan horretan lagundu die Pilar Kaltzada kazetariak, eta solasaldian zehar Ekaitz Goikoetxea bertsolariaren eta Edurne Portela idazlearen ekarpenak izan dituzte. Kukai Dantza Taldeak ongietorria eman die bertaratutakoei.

‘Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak’

Gaur aurkeztutako ‘Begiradak. Euskadin memoriaren gizarte eraikuntzarako oinarri partekatuak’ dokumentua Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza Sailburuordetzak sustatuta sortu da. ‘Terrorismoaren eta indarkeriaren iraganaren memoria kritikoa’  sustatzeko eta ‘aniztasunean oinarritutako bizikidetzari ekarpen esanguratsua egiteko gure oraintsuko memoriarako printzipio eta oinarrien inguruko akordio anitza bultzatzeko’ konpromisoari ematen dio forma. 2021-2024 Gobernu-programaren 101. konpromisoa eta 2021-2024 Gogoraren Jarduketa Planean jasotako 7. ekimena.

Proiektu hau bizikidetza demokratikoa memorian eta historian oinarrituta eraikitzen laguntzeko sortu da. Hala, lantaldea honako hauek eratzen dute: batetik,  Unai Belaustegi (UPV/EHU), Eider Landaberea (Deustuko Unibertsitatea) eta Virginia López de Maturana (UPV-EHU) historialariek; bestetik, hiru biktimak, Josu Elespek eta Maria Jauregik, Froilán Elespe eta Juan Maria Jauregi ETAko biktimen semeak eta alabak, hurrenez hurren, eta Axun Lasa Arostegik, torturaren biktimak eta Joxean Lasa GALekoen biktimaren arrebak.

Aurkeztu den dokumentuan, partekatutako hausnarketa baten emaitzak jasotzen dira: ‘ez da banakako iritzien batura bat; aitzitik, guztiok komunean duguna abiapuntu hartuta eraiki dugun zerbait da’, seiek partekatzen dutena azpimarratzen duena, batzen dituena, eta ez elkarren arteko desberdintasunak edo bereizten dituena.

Dokumentu honek bi atal nagusi ditu, sarreraz eta eranskinaz gainera, eranskinean proiektu honetarako elkarrizketatutako pertsonen izenak jasotzen dira. Lehen atala prozesuari berari eskainia da, eta bi azpiatal ditu: lehenengoan, memoriari eta bizikidetzari dagokionez, Euskadi ez dela hutsetik abiatzen azpimarratzen da; bigarrenean, lantaldearen lan-dinamikaren berri jasotzen da. Dokumentuaren azken atalean, gogoeta-prozesu honen emaitza nagusiak bildu eta azaldu dira.

Dokumentu osoa eskuratzeko: https://labur.eus/begiradak

Emaitzak 9 puntutan laburtuta

Gaur aurkeztutako dokumentuak, bigarren atalean, bederatzi puntutan laburtzen ditu lan- eta hausnarketa-prozesu honen emaitzak. Lan hori honako printzipio honetan oinarritu da: ‘guztiok komunean duguna abiapuntu hartuta eraikitzea’, ekarpen bat Euskadin memoriaren gizarte-eraikuntzarako oinarrietan.

  1. Ahanzturarik gabeko etorkizuna

‘Ahanztura’ izan da, sarri askotan, egileen hitzetan, gizarteek ‘gizarte-bakea’ eraikitzeko erabili duten bidea. Bake eta adiskidetze politikoko eredu asko oinarritu dira ‘ahanztura juridikoan’ (amnistiak eta zigorgabetasuna) eta ‘ahanztura publikoan’ (iraganeko zorrak modu publikoan ez kitatzea).

Gaur, ordea, egileen hitzetan, Euskadiko gizarteak ez du ahaztu nahi. ‘Orrialdea azkar pasatzeko’ gizarte-premia ez dugu ahanzturarekin nahasi behar. Euskadiko gizarteak jarrera eraikitzailearekin eta inklusiboarekin begiratu nahi dio iraganari eta ezagutu giza eskubideen urraketa larriak, iraganerako begirada horrek oinarri sendoak ekar ditzan bizikidetza demokratiko iraunkorrerako eredua eraikitzeko.

  1. Memoriadun etorkizuna

Gizarte batean eragina izan duten eta eragina duten gertakari eta esperientzia traumatikoak publikoki jasota utziko dituen memoria bat eraikitzeko beharraz ari dira egileak. Hala ere, testuinguru politiko gatazkatsu eta polarizatuetan, gertatutakoaren inguruko adostasunak mugatuak izan ohi diren arren, zailtasun horiek ez dute eragotzi behar ‘toki komun’ batzuk bilatzen ahalegintzea. ‘Giza eskubideen nazioarteko esparrua eta balio etiko eta demokratikoak dira, Euskadiko gizartearentzat, toki komun hori’.

  1. Nork bere burua justifikatzea helburu duten kontakizunak gainditzea

Egileek jaso dute gertakari eta esperientzia traumatikoak modu publikoan jasoko dituen memoria bat eraikitzeko zailtasuna ez dagoela memorien aniztasunean, baizik eta, memoria horietatik abiatuta, nork bere burua justifikatzeko osatzen dituen kontakizunetan.

Hala ere, nork bere burua justifikatzeko kontakizunek geure baitan ixten gaituzte; besteengandik urruntzen gaituzte; ‘batzuen’ eta ‘besteen’ jokalekua, ‘batzuk besteen aurrez aurre’ jartzea betikotzen eta kronifikatzen dute. Nork bere burua justifikatzeko kontakizunek ‘euste-hormak’ eraikitzen dituzte, isolatu eta baztertzen dutenak, eta bizikidetza demokratikorako eremu berriak eraikitzetik aldentzen gaituztenak.

  1. Iraganaren berrikuste kritikoa eta autokritikoa

Historiak erakusten digu beren iragana modu kritikoan eta egiaz berrikusten duten gizarteek berriro ‘ez errepikatzeko’ berme handiagoak dituztela. Eta horrek garrantzi handia du bizikidetzarako. Berrikuste kritiko horrek dakar ‘berrikuste autokritiko bat, zuzenean galdegiten diena, aitzakiarik gabe, terrorismoaren edozein adierazpenetan eta motibazio politikoko indarkeriaren adierazpen eta giza eskubideen urraketetan zuzeneko eta zeharkako erantzukizuna izan zutenei’.

Egileek honako ondorio hau ateratzen dute: “iraganaren berrikuste autokritikoa egitea guztiontzat da gomendagarria. Eta nahitaezkoa da giza eskubideen urraketako bakoitzean zuzeneko eta zeharkako erantzukizuna izan duten guztientzat’.

Iraganeko begirada horrek dimentsio eta balioespen etiko bat ere hartu behar du barne, giza eskubideen urraketa guztiak bidegabeak izan direlako, direlako eta izango direlako beti. Ez gatazka politikoek eta ez Estatuaren arrazoiak ez dute justifikatzen, inolaz ere, indarkeria erabiltzea.

  1. Egia

Egiarako eskubidea funtsezko oinarria da bizikidetzarako memoria finkatzeko. Eta eskubide horrek, gainera, betebehar bat dakarkie erakunde publikoei, akademiari eta gizarte-eragileei. Egiak, lehendabizi, ezagutza behar du, eta hura sortu eta zabaldu egin behar da.

Lantaldean hiru historialari daude eta, beraz, dokumentaziorako sarbidea izatea eta hartan aurrera egin ahal izateko artxiboak zabaltzea zer garrantzitsua den nabarmentzen da. Atal honetan azpimarratzen da ezagutzak ikerketa, gizarteratzea eta dibulgazioa eskatzen dituela. Esparru horietan azken urteetan egin diren aurrerapausoak esanguratsuak izan badira ere, oraindik bide luzea dago aurretik. Horregatik, beharrezkoa da ezagutza zabaltzera eta sakontzera bideratutako baliabideak eta politikak indartzea, ’egiaren eskubide preskribaezina’ bete ahal izateko

  1. Biktima guztien aitortza: memoriari buruzko politika publikoen ardatza

Biktimak indarkeriaren bidegabekeria gordinenaren eta sufrimendu onartezinaren erakusle dira. Biktima horietako bakoitza eta guztiak aitortzea funtsezkoa da etorkizunean memorian eta egian oinarritutako bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Lekukotzek duten dimentsio didaktiko eta pedagogiko paregabea nabarmentzen dute, bai eta gatazkak gizatiartzeko eta sufritzen duen pertsonarekin errazago konektatzeko duten ahalmena ere.

Era berean dakar biktimek ez dutela gainerako herritarrek baino arrazoi politiko handiagorik, biktimak izateagatik bakarrik, eta saihestu egin behar dela biktimak eremu publikoan politikoki erabiltzea eta berriro biktimizatzea. Are gehiago, ‘gizarte demokratiko batean, helburua izango litzateke biktimaren egoera ez betikotzea’.

  1. Memoria pedagogikoa eta transmisio-betebeharra

Egunero-egunero, gertaera ugarik gogoratzen digute guretzat finko eta eztabaidaezinak ziren gizarte lorpen eta eskubide batzuk hauskorrak direla. ‘Bizikidetza demokratikoak etengabeko lana eta konpromisoa’ eskatzen dituela diote egileek.

Konpromiso hori sendotzeko, besteak beste Adi-Adian hezkuntza-esperientziaren transmisio-ahalmena nabarmentzen da, edo fikzioko kultura-produktuek beste ikuspegi bat eta, aldi berean, araututako prestakuntzaren osagarria dena emateko duten ahalmena.

Hori horrela, belaunaldi gazteenek rol aktiboa behar dute memoriaren politika publikoetan, ‘etorkizuneko bizikidetza-ereduko protagonistak baitira’.

  1. Memoria partekatua

Egileek diote bizikidetza demokratiko sendoa eraikitzeko nahitaezkoa dela gu guztion borondatea eta konpromisoa, ‘guztiok dugu horretan erantzukizuna’. Diote, beraz, guztiok eta, bereziki, eragin handiagoa dutenek bizikidetza publikoarekin lotzen ditugun ‘balioen eredu izan behar dugula espazio publikoan, gure hitzekin eta gure ekintzekin’.

Egileek diote bizikidetza demokratikoak nork bere burua justifikatzeko kontakizunek urte askotan eraiki dituzten hormak eraitsi behar dituela, eremu publiko berri bat eraiki ahal izateko, inklusiboa, errespetuan eta elkarrizketa demokratikoan oinarritua. Horretarako, ezinbestekoak dira borondatea eta konpromisoa, ‘erosotasun-eremuetatik’ ateratzeko ausardia eta arriskuak hartzea.

  1. Bizikidetza demokratikorako memoria

Orainak baldintzatzen dizkigu beti bai iraganerako begirada eta bai etorkizuneko itxaropenak. Hori horrela, dokumentuak dakar gaur, Euskadiko gizarteak bere iragan hurbilaz eta belaunaldi askoren bizitzen parte izan diren izu eta giza eskubideen urraketa larriko hamarkadez galdetzen du. Euskadiko gizarteak iraganari begiratzen dio (memoria) gertatutakoa ulertzeko beharra duelako eta oinarri sendoak sortu nahi dituelako gertatutakoa “ez errepikatzeko” eta bizikidetza demokratiko sendoa bermatzeko (etorkizuna).