Amaia Barredo: “COPak ezinbestekoak dira, baina eboluzionatu egin behar dute erabakiak Estatuen eskuetan soilik uzten ez dituen eredu baterantz”

0

Egiptoko Klimaren Goi Bilera-COP27ra joan den euskal ordezkaritzaren balorazioaren arabera,  maila anitzeko klima-gobernantzaren urteko espazio hori garrantzitsua da, baina aldaketa bat proposatzen du, Estatuak ez daitezen izan hotsa eta botoa dituzten eragile bakarrak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredoren ustez, klimari buruzko goi bilerek eboluzionatu egin behar dute baimentzeko “erabakiak ez ditzatela Estatuek bakarrik hartu”, eta premiazkotzat jotzen du beste herrialde batzuk integratzea, alegia, gaur egun pisu politiko erabakigarria ez izan arren klima-inpaktuen aurrean duten kalteberatasunagatik kontuan hartu  behar diren herrialdeak.

Euskadiren iritziz, Klimari buruzko Goi Bilerak inoiz baino beharrezkoagoak dira, zeren bidea ematen baitute klima-aldaketaren arloan hartutako konpromisoen aurrerapenak aztertzeko eta euren ekintza konkretuak nazioarteko komunitatearen aurrean azaltzeko. Gaur egun, eztabaida ofizialek ez dute kontuan hartzen eskualdeen ikuspegia, ezta haien ahotsa ere, nahiz eta haien gobernuak diren, tokiko administrazioarekin batera, arintze-neurrien % 70 eta egokitzapen-neurrien % 90 gauzatzeaz arduratzen diren instituzioak, Parisko Akordioaren konpromisoen bidean aurrera egiteko.

Hain zuzen ere, COP27ren egiptoar Presidentziak multilateraltasuna lehenetsi zuen tresna gisa, klima-aldaketaren aurkako ekintza eta beraren anbizioa handitzeaz batera, konfiantza berreskuratzeko eta Klimari buruzko Goi Bilera hau “inplementazioaren COP” bihurtzeko, Parisko Akordioaren erdigunean dagoen kontsentsu handia berrezartzeko xedez.  Klimari buruzko Goi Bilerak agerian utzi du noraino den beharrezkoa finantziazio-eredu berri bati heltzea; eredu horretan, gehien kutsatzen duten herrialdeek ekarpen ekonomikoa egin behar dute garapen bidean dauden herrialdeekin dagoen arrakala murrizteko, zeren herrialde horietan pairatzen baitira, neurri handiagoan, klima-aldaketaren ondorioak, hots, muturreko lehorteak, edateko uraren falta eta uholdeak.

Neurri konkretuak

COP27ren alderdi nagusietako bat egokitzapena izan da, eta jarduera-eremu horretan Euskadik baditu neurri eta emaitza konkretuak, Regions Adapt 2021-2022 Aurrerapen Txostenean jaso direnak. Txosten hori azaroaren 10ean aurkeztu zen, Regions4 eta Under2Coalition erakundeen antolatutako ekitaldian. Dokumentuak klima-aldaketara egokitzeko 332 ekintza hartzen ditu barne, 16 herrialdetako 32 eskualdetakoak, eta horien artean Life Urban Klimaren ekarpena nabarmentzen da; berau Euskadiko klima-ekintzaren arloko proiektu nagusia da datozen urteetarako, eta eskualde aurreratu gisa kokatzen du Euskadi egokitzapenaren alorrean, hor duen inplementazio maila handiagatik. Amaia Barredo sailburuordeak azpimarratu du itsas mailaren igoerak eragindako arriskuari buruzko azterketa bat egin dela, Euskadiko biztanleriaren % 55 kostaldean bizi baita; nabarmendu du, halaber, bideo-zaintzako eta iragarpen metereologikoko sistemak ezarri direla, bai arriskuak prebenitzeko eta bai informazio berriak arriskuen prebentziorako planetan integratzeko.

Era horretan, Euskadik modu irmoan jarduten du isurketen arloan hartutako nazioarteko konpromisoak betetzeko. Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioak –borondatezkoa da eskualdeentzat, eta Eusko Jaurlaritzako Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak prestatzen du urtero- berretsi egin du lurraldearen beheranzko joera, eta adierazi du 2030. urterako lortu beharreko helburuak lortzeko markatutako bidearen azpitik dagoela. Gainera, Euskadi aukeratua izan da «States and Regions Remote Sentsing” (STARRS) ekimen pilotuan parte hartzeko; The Climate Group plataformek eta Climate TRACE isurketen inbentarioak koordinatuta, ekimen horrek datu zehatzak emango ditu estatu eta eskualdeen isurketez, satelitearen informaziotik abiatuta.

2023rako proiektu eraldatzaileak

Eusko Jaurlaritzak proiektu eraldatzaileak bultzatzen ditu egokitzapenaren zeharkakotasunerako, nazioarteko estandar zientifikoei jarraituz eta estandar horiek euskal errealitatera egokituz. Euskadik 200 milioi euro inguru inbertitu ditu urtero neutraltasunera eta erresilientziara zuzendutako trantsizio ekonomiko eta ekologiko berri bat bultzatzeko. Euskadiko 2023. urterako aurrekontuen proiektuak aurreikusten du trantsizio energetikoaren prozesua azkartuko duten energia garbien  hedapena, industriara, administrazio publikoetara eta herritarrei zuzendutako estrategia integral batez. Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak Egipton adierazi duenez, Eusko Jaularitzak planteatzen du  proiektu energetikoak sustatzea (energia fotovoltaikoa, eolikoa eta itsasokoa, hidrogenoa, biometanizazioa eta biomasa), 56,1 milioi euro bideratuz. Eusko Jaurlaritzak planteatzen du 114,5 milioi eurorekin indartzea energia berriztagarriak sustatzera, mugikortasuna elektrifikatzera eta efizientzia energetikora zuzendutako laguntzea publikoak; aurreikusita du, halaber, 85 milioi euroz bultzatzea industriaren isurketak murriztu eta lehiakortasuna hobetzen duten proiektuak.