Bizkaiak bere indarguneak erakutsi ditu South Summit Ecosystem Builders-en lehen edizioan

0

B Accelerator Tower-ek South Summit Ecosystem Builders ekimenaren lehen edizioa hartu du, ekosistema ekintzailearen eta energia-trantsizioan eta 4.0 industrian ardaztutako berrikuntzaren topaketa, ekintzaileak, korporazioak eta inbertitzaileak biltzen dituena.

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, topaketari hasiera eman dio Maria Benjumearekin, South Summiteko presidente fundatzailearekin, batera. Unai Rementeriak lurraldeko ekosistema azpimarratu du, lurraldearen indarguneetatik bertatik abiatuta nazioartean dauden eredurik onenak sakon aztertu ondoren eraiki dena: fiskalitatea, lankidetza publiko-pribatua eta korporate liderrak sektore estrategikoetan, hala nola energian, mugikortasunean eta industrian. “Ekosistema bakoitza desberdina da. Ez dago errezeta bakarra arrakasta lortzeko. Eredu bakoitzak berezia eta bereizgarria izan behar du, eta bere indarguneak aprobetxatu behar ditu. Bizkaian inguruko ekosistema fiskal erakargarrienetakoa eraikitzen ari gara“, azaldu du.

Ildo horretatik, Rementeriak BAT lurraldeko berrikuntza- eta ekintzailetza-eredu aurreratuaren ikur gisa azaldu du: “BAT sinboloa da, baina atzean ekosistema osoa dago. BAT, startup, korporazio, venture capital eta zentro teknologiko eta unibertsitateen arteko 220 erakunde baino gehiagoko komunitatea da. Eta dagoeneko bigarren fasea diseinatzen ari gara: beste 4.000 metro karratu startup eta korporate gehiago hartzeko. Nazioarteko ekintzailetza aurreratuaren esparruan inoiz ikusi ez den eredua da eta nazioarteko konektibitate handiagatik nabarmentzen da, euren sektoreetan liderrak diren korporazio anitzeko eredua delako, eragile bakoitzarentzako zerbitzu-zorro bat duelako eta babes publiko handiena duelako. Elementu horien guztien konbinazioa funtsezkoa da“, nabarmendu du.

Ecosystem Builders-ek industria-sektoreko eta ekintzailetzako 26 adituren partaidetza du, eta horien artean nabarmentzekoak dira: Nina Göntgen-Voss, Forto-ko Jasangarritasun zuzendaria; Alejandro Carbonell, Green Urban Datako CEOa, eta Nityen Lal, Icos Capital-eko managing-zuzendaria. Topaketan, gainera, hautatutako 23 startupek euren proiektuak azalduko dituzte 4.0 industriaren, mugikortasunaren eta trantsizio energetikoaren sektoreetako inbertitzaileen eta korporazioen aurrean.