Eusko Jaurlaritzak bederatzi hilabeteko epea ezarri zuen, Jokoaren Erregelamendu berria indarrean sartu zenetik (2022ko otsailaren 16) zenbatzen hasita, establezimenduak, onarpen-kontroleko lanei begira, fisikoki eta teknikoki egokitzeko. Era horretara, bihartik aurrera, joko eta apustuetarako lokalek sistema informatiko bat izan behar dute Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistrora konektatu ahal izateko.
Lokal horietan sartu nahi duten pertsonek Nortasun Agiri Nazionala edo kidekoa aurkeztu beharko dute kontrol- eta onarpen-lanak egiten dituen arduradunaren aurrean identifikatzeko. Bezeroaren datuak digitalizatuta dituzten joko-aretoek automatikoki egingo dute egiaztapena identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemen bidez. Helburu horrekin jasotako datuak izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiari lotuta egongo dira.
Zaintza eta kontroleko langileak
Joko-aretoetako sarrerak zaintzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko diren langileek datorren urteko, 2023ko, urria baino lehen eskuratu beharko dute zeregin horiek betetzeko Eusko Jaurlaritzaren gaikuntza profesionala. Dohainik eskuratu ahal izango dute, eta KZgune sareko edozein lokaletan eskura dezakete. Horrez gainera, lan egiten duten establezimenduetan erabiltzen diren identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemei eta sistema informatikoei buruzko formakuntza ere jaso behar zuten.
Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistroa
Pertsona bat erregistro horretan sartzen den unean, ezingo da Euskadiko joko-establezimendu bakar batean sartu, gutxienez 6 hilabete igaro ondoren izen-ematea bertan behera uztea eskatu ezean. Horrez gainera, Jaurlaritza Estatu osoko erregistroen arteko elkarreragingarritasuna lantzen ari da, autonomia-erkidego batean erregistratuta dagoen pertsona batek ez dezan beste autonomia-erkidego bateko lokal batean sartzerik izan.