Neikerrek EBko Klimaren aldeko Ekintza azpiprogramaren LIFE Silfore proiektua garatzen du

0

Klima aldaketa ondorio kaltegarri garrantzitsuak eragiten ari da Europako basoetan, eta basoko suteak dira mehatxu handienetako bat. Arazo horrek Europar Batasuneko 340.000 hektareari eragin zien 2021ean, Europako Batzordearen Ikerketa Zentro Bateratuak (JRC) argitaratutako urteko txostenaren arabera. Halaber, dokumentuak azpimarratzen du joera horrek aurten ere jarraituko duela.

Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologiko eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, metodo berriak bilatzen ditu eremu atlantikoetako eta subatlantikoetako baso masak klima aldaketarekiko erresistenteagoak izan daitezen, aldi berean, basoak larregintzarako erabiliz, suteak ekiditeko, biodibertsitatea areagotzeko eta zerbitzu ekosistemikoen ekarpena bermatzeko (esaterako, uraren fluxuaren erregularizazioa edo lurzoruaren babesa). Ekimena hasi berria da, 2027ra arte luzatuko da, eta oinarrian dago basogintzako eta artzaintzako neurriak aplikatzea, landa eta tokiko ekonomiaren garapena sustatzeaz gain. Hau da, basogintza eta larregintza konbinatzen dira lur azalera berean, aukerak sortzeko eta errentagarritasuna handitzeko.

Sistema horiek Mediterraneoko paisaiari lotu izan zaizkio sarritan, eta eskualde atlantikoetan eta subatlantikoetan duten presentzia desagertzen joan da, nahiz eta potentzial handia izan klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko.

Horretarako, LIFE Silfore azterketak erakusle sare bat garatuko du eremu atlantiko-subatlantikoko 4 eskualdetan, guztira 92,4 hektarea hartzen dituztenak: Portugal iparraldean, Galizian, Asturiasen eta Euskadin izango da. Horrenbestez, eremu atlantiko-subatlantiko eta sozioekonomikoetako basoen barietate ekologikoaren zati handi bat sartzen da.

Zehazki, Euskadin bi erakustaldi planteatzen dira. Lehenengoan, Bizkaiko Orozko udalerrian, pinudi bat baso misto bihurtzea eta animaliak sartzea izango da oinarria. Bigarrenak, berriz, basogintza-artzaintza inplementatuko du Euskadiko eremu subatlantikokoko berezko haritz baso hostotsuetan, Jauregin eta Azilun (Araba).

Isabel Albizu NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak emaitzen artean aurreikusten du “biomasa erregaiaren bolumena % 40-60 murriztea eta, beraz, sute arriskua txikiagoa izatea, abeltzaintzako ustiategietan karbono aztarna murrizteaz gain”. Gaineratu duenez, proiektuak “lagundu egingo du lehorteekiko tolerantzia desberdina duten zuhaitz espezieen aniztasuna handitzen, eta horrek baso masa mantentzen lagunduko du eta zuhaitzei erasaten dieten gaixotasunen hedapena murriztuko du”.

Baso erresilienteak eta etekin handiagoak

Basoek klima aldaketaren ondorioekiko erresistentzia handiagoa dutela frogatzeaz gain, proiektuak zuhaiztien etekinak dibertsifikatzeko aukera emango du, zuraren aprobetxamenduagatik eta animalien ekoizpenagatik. “Larregintzak onurak ekar diezazkioke baso ekoizpenari, animaliek lurzoruak ongarritzen dituztelako, eta larregintzara bideratutako azalera handiagoa egoteak bazkarako autonomia handiagoa eta animalien dietaren aniztasuna ekar ditzake, eta horrek aurrezki nabarmena dakar, elikadura gastuak murrizten direlako”, azaldu du Albizuk. Gainera, erakustaldietarako galzorian dauden arraza autoktonoetako animaliak planteatzen dira, errustikoak eta ingurunera ondo egokitutakoak. Euskadiri dagokionez, terreña arrazako behiak, sasi ardi ardiak eta pottokak dira.

LIFE Silfore proiektuak eragin positiboa izango du gizarte osoarentzat ere, izan ere, basoek lurraren %30 inguru hartzen dute eta biodibertsitatearen biltegi gisa jokatzen dute. Funtsezko zerbitzu ekosistemiko ugari ematen dituzte, hala nola ur fluxuaren erregularizazioa edo lurzoruaren higaduraren aurkako babesa, besteak beste.

Beraz, ekimenak basoen errentarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa hobetzea ahalbidetuko du, eta, aldi berean, landa inguruneko biztanleen irabaziak handituko dira, enplegua sortuz, landa eremuen despopulazioaren aurka borrokatuz, sute arriskua murriztuz eta mantentze kostuak merkatuz.

NEIKERek gidatuta, LIFE Silforek 4 bazkideren partaidetza du: Bragançako Institutu Politeknikoa (Portugal), Galiziako Elikagaien Kalitatearen Agentzia, Asturiasko Printzerriko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Garapenerako Eskualde Zerbitzua eta Santiago de Compostelako Unibertsitatea. Gainera, Euskadin inplikatuta daude baso masen jabe eta kudeatzaile diren administrazioak (Orozkoko Udala eta Jauregi eta Aziluko Administrazio Batzarrak Euskadiko erakustaldietarako) eta administrazio kudeatzaileak (Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako Mendi Zuzendaritza).

LIFE Silfore proiektuak 2.599.081,36 €-ko aurrekontua du guztira, eta bat dator LIFE programaren helburu orokorrekin eta Klimaren aldeko Ekintzarako LIFE azpiprogramaren lehentasunekin.

NEIKERi buruz

NEIKER, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) elkarteko kidea, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sektoreetarako irtenbide berritzaileak sortzen espezializatutako zentro teknologiko bat da. NEIKERen lan ildo nagusiak hauek dira: sektorearen barruan 4.0. nekazaritza bultzatzea, ustiategien jasangarritasuna eta lehiakortasuna garatzea, klima larrialdiak nekazaritzan eta abeltzaintzan dituen ondorioak arintzeko aukerak bilatzea eta bioekonomia sustatzea. Eta hori guztia One Health ikuspegia integratuz: animalien, ingurumenaren eta pertsonen osasunaren arteko harremana modu transbertsalean landuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko erakundea den heinean, NEIKERen jardueraren helburua da euskal exekutiboak diseinatzen dituen estrategiei erantzutea eta horiek bultzatzea, Euskadiko nekazaritza eta abeltzaintzaren sektorea eta basogintzarena sustatzeko, garatzeko eta kudeatzeko.