Javier Hurtado sailburuak merkataritzari mesede egingo liokeen hiri-habitat berri bat lantzeko beharra nabarmendu du Urban Commerce kongresuaren inaugurazioan

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Urban Commerce kongresua inauguratu du gaur Gasteizen, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Maroto eta Gasteizko alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren saileko zinegotzi ordezkari Maider Etxebarria lagun zituela.

Merkataritzak beharrezko eraldaketa bati aurre egin behar dion ziurgabetasun-egoera honetan, sailburuak gogorarazi duenez, gero eta beharrezkoagoa da “pertsonentzako hiri-espazioak berreskuratzea. Izan ere, zenbait azterlanek erakusten dutenez, jasangarritasun-neurriek eta hiriguneak oinezkoentzat egiteak kontsumitzaileak erakartzeko balio dute eta ondorioz ingurunea aberastu eta errentagarritasuna handitzen da. Funtsean, espazio gizatiarrak sortzea da helburua, merkataritza gizatiar bat lortzeko”.

Horretan, sailburuak azaldu duenez, herri-administrazioek “oso aktiboak izan behar dugu, eta gure herriak eta hiriak herritarren behar horietara egokitzeko gai izan behar dugu. Eta hori koordinaziotik eta batera egindako lanetik bakarrik egin daiteke, azken batean, gobernantza irmo batetik. Eta horregatik, eskerrak eman behar dizkiet Ministerioari eta Espainiako Gobernuari Next Generation Europako funtsen kudeaketan emandako laguntzagatik. Funts horiei esker ere, gure udalerrietan funtsezko eraldaketa dakarten neurriak ezar ditzakegu Euskadin”.

Sailburuak merkataritzarako laguntzen garrantzia aztertu du, baina ez dio pisurik kendu hirigintza komertzialaren ideia berri horri. “Egia delako oso garrantzitsua dela merkataritzako establezimenduen hobekuntzan zuzenean inbertitzea. Adibidez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak modernizaziorako bideratutako laguntzekin eta Next Generation-ekin finantzatutako funts teknologikoarekin, bien artean, 8 milioitik gorako laguntzak emango dizkiete euskal saltokiei. Edo kontsumorako pizgarriekin, besteak beste Euskadi Bono Denda, hiru edizioetan 22,5 milioi euro eman baititu. Esan bezala, oso garrantzitsua da saltokiei laguntza horiek ematea, baina, era berean, oso garrantzitsua da beren ingurunea, hiria edo herria, haien mesederako izango diren espazioez hornitzeko gai izatea”.

Urban Commerce kongresuan Europa Biltzar Jauregian elkarren segidako bi jardunaldi egingo dira. Horietan, 25 adituk baino gehiagok hiri-merkataritzari erantzun baliagarriak emango dizkiote, arduradunek ingurune aldakor eta ziurgabetasunez beteriko batean aurre egin behar dieten egoera berriak aintzat hartuta. Ospe handiko nazioarteko profesionalen topagunea da, eta askotariko gaietan eragiten dute: hirigintza komertziala, jasangarritasuna, marketina, kontsumo-joera berriak, immigrazioaren fenomenoa merkataritzan, berrikuntza, aldaketa teknologikoak eta txikizkako merkataritzaren garapenari nola eragiten dion, irisgarritasun-irtenbideak eta formatu berriak merkataritzan.