Bingen Zupiriak Bilboko Arte Ederren Museoko handitze lanen lehenengo harria jartzeko ekitaldi instituzionalean parte hartu du

0
PRUEBA

Gaur, museoaren kanpoaldean, Artetxe Kondearen zumarkaleko kristalezko fatxadaren ondoan egin den ekitaldian, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriarekin batera honako hauek parte hartu dute: Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok, Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburtok, BBK Banku Fundazioko presidente Xabier Sagredok, proiektuko arkitektoak diren Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek, museoaren zuzendari Miguel Zugazak, eta Museoaren Lagunen kolektiboaren ordezkariak diren Carmen López Niclósek eta Rut Salaverrik.

Denboraren kapsula egunkariekin, txanponekin eta obraren hasierarako azken izapidea formalizatzen duen zuinketa-aktaren kopia batekin lurperatu ondoren, hasiera eman zaio esku hartzeko txandari, Chillida hallean. Fosterrek eta Uriartek eman diote amaiera ekitaldiari, obraren hasiera sinbolizatzen duten eta museoaren diseinu industrialaren bilduman gordeko diren paletako bat sinatuz —Gipuzkoako ehun urteko Bellota tresna-markakoa—.

Bere hitzaldian Zupiriak nabarmendu du Bilboko Arte Ederren Museoa beti ahalegindu dela «bere misioa betetzen, euskal artearen erreferentzia izaten eta aldi berean unean unean gure inguruan gertatzen ari ziren berrikuntzen jarraipena egiten. Eta beti ahalegindu da bere eraikinaren neurria eta estiloa garai bakoitzari egokitzen. Gaur, museoa handitzeko lehen harria jartzeak aukera ematen digu etorkizunari begiratzeko eta artearen euskal sistemaz hitz egiteko. Artearen euskal sistema, konstelazio bat da, artxipielago bat. Bertan erakunde bakoitzak bere funtzioa du, baina sarean dihardute eta guztien artean sistema indartzen dute. Arte Ederren Bilboko museoa mugarri bat da sistema horretan, bere garrantziagatik, bere kolekzioagatik eta eskaintzen duen indarragatik».

Zupiriak Bilboko museoak duen garrantzia azpimarratu du «bere kolekzioa osatzerakoan ezinbestekoa izan delako gizarteko ordezkariekin izan duen harremana, jaso dituen eta jasotzen dituen donazioen garrantzia, eta bere garaiko artista biziekin duen harremana eta elkar eragina» gaineratu duenez, «Museoaren gune berriak aukera eskainiko digu etorkizunari ilusioz eta anbizioz begiratzeko. Aukera, ikuspegi berriak pizteko. Audientziarekin harreman berriak sustatzeko. Eta artea, ikerketa, diseinua, arkitektura eta beste zenbait arlo, harremanetan jartzeko».

Informazio gehiago hemen.