Lehendakariak aintzat hartu ditu Manufacturas Eléctricas SAUren ibilbidea eta hazkunde iraunkorrarekiko konpromisoa

0

Lehendakaria MESA, Manufacturas Eléctricas SAU enpresaren 75 urteak ospatzeko antolatu den ekitaldian izan da gaur goizean. Enpresa hori Schneider Electric taldekoa da eta erdi-tentsioko eta goi-tentsioko ekipoak egiten ditu. Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Iñigo Urkullu Mungiako plantara joan da, eta, ondoren, enpresaren arduradunekin bildu da. Haien aurrean, enpresak hazkunde iraunkorrarekin eta GJHekin duen konpromisoa aintzat hartu eta eskertu nahi izan du Lehendakariak.

«Trantsizio berdea eta digitala, hazkunde iraunkorrarekiko konpromisoa eta nazioartekotzea gure ekonomiaren eta euskal gizartearen etorkizuneko erronkei erantzuteko lehen lerroan 75 urte bete dituen enpresa baten zutabeak dira», adierazi du bere hitzaldian.

Lehendakariak ziurtatu du bat datorrela enpresa hori trantsizio berde eta digital bikoitzari ematen ari zaion erantzunarekin; izan ere, azaldu duenez, bultzada handia beharko da berotegi-efektuko gasak murrizteko, deskarbonizatzeko, energia zirkularreko eta energia-eraginkortasuneko helburuei erantzuteko, bai eta jarduera ekonomikoaren arlo guztietan teknologia digitala txertatzen duten proiektuei erantzuteko ere. “Eta Schneider aitzindaria eta berritzailea da enpresa-sarearen eta gizartearen trantsizio bikoitzean”.

Hain zuzen ere, Orkestrak Lehiakortasunaz egin duen txostenaren arabera −Lehendakariak aipatu du txosten hori−, jasangarritasuna eta digitalizazioa lehentasunezko erronkak dira euskal ekonomiarentzat ziurgabetasun-garai honetan.