Lehendakariak: «Duela 85 urteko irudiek, gaurko irudiek, gerrari ez esatea, indarkeriarik eza eta elkarrizketa bideak berresten dizkigute, gatazkak konpontzeko metodo gisa»

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak bakearekin eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoekin duen konpromisoa. “Duela 85 urteko irudiek, gaurko irudiek, gerrari ezetz esatera garamatzate. Berriz ere berresten dugu indarkeriarik eza eta elkarrizketa gatazkak konpontzeko metodo gisa; berresten dugu printzipio eta balio etiko eta demokratikoekiko konpromisoa”.

Lehendakaria buru izan da gaur goizean Santurtzin, euskal haurrak erbestera eraman zituzteneko 85. urteurrena ospatzeko ekitaldian. 80 pertsona ingururen aurrean hitz egin du; horietatik dozena bat 1937an ebakuatuak, haurrak zirenean, Eusko Jaurlaritzak Gerra Zibiletik urruntzeko egindako ahaleginean. Haiekin batera, Santurtziko arrantzaleen kofradia bete duten pertsona ebakuatuen ondorengoak egon dira.

Horien guztien aurrean, Iñigo Urkullu Lehendakariak eskerrak eman dizkie haur horien harrera erraztu eta horretan parte hartu zuten pertsona, erakunde, erkidego eta herrialdeei. “Euskadik ez du ahaztu eta ez du inoiz ahaztuko zuen gizatasun-keinua eta gure umeekiko elkartasuna; gure memoria kolektiboaren parte da”.

Gainera, Urkulluk Euskal Herriaren espiritu abegitsua berretsi du, herri emigrantea izateaz gain, “harrera lurraldea izan gara eta gara”. Gaur egun Saharako haurrak edo Txernobil ingurukoak hartzen dituzten familiei erreferentzia eginez, eta, bereziki egun, Errusiako inbasioaren biktima diren haurrei: “85 urte geroago inbasioaren historia errepikatu egiten da, baina alderantziz”.

Bere hitzaldian, ekitaldian bizirik atera ziren pertsonei zuzendu zaie, familietatik banandu behar izan zutenean jasan behar izan zuten sufrimendua aitortuz; era berean, gurasoentzat haiengandik banantzea zein gogorra izan behar izan zen aipatu du. “Sendotasunaren adibide bat da”. Halaber, Lehendakariak gogoan izan ditu ebakuazio-espedizioetan lagundu zieten pertsona guztiak: irakasleak, apaizak eta osasun-langileak.

Santurtziko Udalak eta Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak antolatutako ekitaldia izan da gaurkoa. Santurtziko Udalaren izenean hitz egin du ekitaldian, Aintzane Urkijo alkateak, hauxe adieraziz:  “Duela 85 urte, gure portuan familiak banatu zirela bizi izan zuen herriak, beren seme-alabak Frantziara, Erresuma Batura, Errusiara edo Belgikara bidaltzeko. Horietako batzuk hemen zaudete gaur, eta hori zer izan zen gogorarazten diguzue, gure historiak egiten gaituelako garen bezalakoak. Izan ere, kontatzen ez dena ez da existitzen, eta zuen historia existitzen da”.

Ebakuatuak izan ziren pertsonekin eta haien familiekin batera izan dira ekitaldi hunkigarri honetan, besteak beste: Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua; José Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; eta Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.

Horiekin batera, Basque Children UK Elkarteko kideak eta EAJ-PNV, EHBildu, PSE-EE eta Elkarrekin-Podemoseko ordezkariak, bai udalbatzako kideak, bai Gogorako Zuzendaritza Kontseiluko kideak ere.

Eskultura Santurtziko portuan

Arrantzaleen kofradian egindako ekitaldian, bertaratutakoek bideo batean ikusi eta entzun ahal izan dituzte ebakuatutako pertsonen testigantzak, haien haurtzaroko oroitzapenak, ebakuazioari eta erbesteari buruzkoak, eta haur batentzako gerra baten bizipenak dakartzan gogoetei buruzkoak.

Proiekzio horren ondoren, 1937an, hurrenez hurren, Sobietar Batasunera eta Erresuma Batura ebakuatutako Victoria Ortegak eta Flori Diazek hartu dute hitza.

Ekitaldiak bigarren zati bat izan du, kanpoan, non gerran zehar ebakuatutako pertsona guztien omenezko eskultura bat erakutsi den, Iluminada Fernándezek eta Imanol Basañezek egin dute, Erresuma Batura eta Belgikara ebakuatutakoak, hurrenez hurren.

Eskultura Benito Valladaresek Bilbon bizi den artista kadiztarrak egin du. Santurtzin kokatzeak pisu sinboliko handia du; izan ere, bere kaitik abiatu zen, lau mila haur inguru zeramatzan Habana ontzia, 1937ko maiatzaren 21ean.