Lehiaren agintaritzek taxiaren eta GTIen sektorearen erregulazioan alferrikakoak eta neurriz kanpokoak diren betekizunak ezartzea saihesteko eskatzen diete autonomia-erkidegoei

0

MLBNk eta Andaluziako, Aragoiko, Gaztela eta Leongo, Kataluniako, Valentziako Erkidegoko, Galiziako, Extremadurako eta Euskadiko lehia-agintaritzek baterako Aitorpen bat adostu dute gidaridun garraio-ibilgailuen sektoreari buruz Lehiaren Defentsarako XIV. Jardunaldietan.

Dokumentuan, autonomia-erkidegoei eskatzen diete sektore horretarako hartzen dituzten erregulazioak kontsumitzaileei kalterik egin ez diezaten eta taxien eta GTIen merkatuko lehia murriztu ez dezaten.

Aldaketak 2022ko urritik

13/2018 Errege Lege Dekretuak ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuaren (GTI) erregulazioa aldatu zuen, eta ezarri zuen 2022ko urritik aurrera baimen nazionalek hiriarteko zerbitzuak, hau da, udalerri batean baino gehiagotan ematen direnak, bakarrik egitea baimenduko dutela.

Era berean, Errege Lege Dekretuak aukera eman zien autonomia-erkidegoei beren lurraldeetan hiri-izaerako zerbitzuak arautzeko, udalerri bakar baten barruan ematen diren horiek, alegia.

Autonomia-erkidego batzuek hiriko GTI zerbitzuak arautu dituzte, baina betetzeko zailak diren baldintza batzuk ezarri dituzte. Horiek zerbitzuek kontsumitzaileentzat duten erakargarritasuna murrizten dute eta taxiaren aurrean duten lehiakortasuna oztopatzen dute.

Beste autonomia-erkidego batzuek ez dute sektorea arautu 13/2018 Errege Lege Dekretuaren ondoren. Lurralde horietan, GTI operadoreek ezin dute hiri-zerbitzurik eman.

Lantaldearen Baterako Aitorpena

Egoera horren aurrean, Lehiaren Agintaritzetako Kontseiluen Lantaldeak dei egiten die autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunei, beren lurraldeetan GTIen hiri-zerbitzuaren prestazioa benetan arautu dezaten, eta erregulazioek alferrikako edo neurriz kanpoko betekizunik sar ez dezaten interes orokorraren ikuspegitik.

Era berean, gogorarazi dute jardueraren erregulazioan merkatuaren funtzionamendua aldatzen duen edozein muga edo murrizketa ezartzeak beharraren, proportzionaltasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatu behar dituela.

Azkenik, gogorarazi dute komenigarria dela merkatu baterako sarbidea edo enpresek merkatu horretan lehiatzeko duten gaitasuna murriztu edo mugatu dezakeen erregulazio- edo administrazio-neurri oro lehiaren agintaritzei aldez aurretik kontsultatzea.

Lehiaren Agintaritzetako Kontseiluen Lantaldea osatzen dute Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko kontseiluetako ordezkariek, Lehiaren Euskal Agintaritzak, Lehiaren Kataluniako Agintaritzak, Lehiaren Galiziako Batzordeak, Andaluziako Lehiaren eta Erregulazio Ekonomikoaren Agentziak, Valentziako Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Batzordeak, Extremadurako Lehiaren Defentsarako Epaimahaiak, Aragoiko Lehiaren Defentsarako Auzitegiak eta Gaztela eta Leongo Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Auzitegiak.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz 

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.