Eusko Jaurlaritzak Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunaren inguruan konpromisoak batzearen aldeko apustua egin du, Euskadiko kale eta errepideetan istripuen tasa jaisteko

0

Urtero bezala, azaroko hirugarren igandean Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna izango da. Efemeride hori dela eta, Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak Bide Segurtasunarekin konprometitutako Euskadiko eragile instituzional eta sozialen ordezkaritza zabalak duela dela gutxi izenpetu zuen Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna balioetsi du.

Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorraren 2025 Plan Estrategikoaren baitan izenpetu zen akordio horrekin Euskadiko erakunde nagusiek egin dute bat, bai eta trafiko-istripuen biktimen elkarteek eta beste hainbat gizarte-eragilek ere. Díaz de Corcueraren esanetan: “Zoritxarrez, gaur berriz gogoratu behar dugu gure kale eta errepideetan trafiko-istripuek eragindako heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria. Horregatik jarraitzen dugu Zero Biktima helburuaren alde lanean, Bide Segurtasunaren arloko erronka globalei erantzunez. Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna euskal gizarte osoak helburu horren alde hartutako konpromisoa islatzen duen hitzarmena da”.

Azaroaren 14ra arte 40 pertsona hil dira Euskadiko kale eta errepideetan, horietatik 5 Araban, 17 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan.

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna 2005ean egin zen lehenengo aldiz, NBEak gobernuei eskatu zienean efemeridea azaroko hirugarren igandean oroitzea biktimak omentzeko eta gizartea kontzientziatzeko. Bestalde, igande honetan ekitaldi bat egingo da Bilbon, Euskadiko Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatuta, eta Trafikoko zuzendaria bertan izango da trafiko-istripuen biktimen oroimenez.