CodeSyntax enpresak “Egunean Behin” euskarazko joko arrakastatsuenaren galesezko bertsioa garatu du

0

Egunean behin” euskarazko galdera eta erantzunen onlineko jokoak, duela 3 urte pasatuxe sortu zenak, badu galesezko bertsio bat. CodeSyntax enpresak oraintsu aurkeztu du aisialdiko merkatu digitalean “Cwis Bob Dydd”, Galeseko S4C telebista publikoaren enkarguz sortutako jokoa.

“Egunean Behin” jokoak sekulako arrakasta izan du gure herrian, izan ere, euskarazko jatorrizko bertsioak 55.000 jokalari ditu egunero. Galeseko erakunde publikoak begi onez ikusi du ekimena, eta hala, euren herrira egokitutako lehen erreplika eskatu dio CodeSyntax enpresari. Proiektuaren arduradunen iritziz, “aplikazio hau aukera paregabea da galesezko hiztun berriak erakartzeko eta hizkuntza sustatzeko teknologia berritzaileak baliatuz”.

Galesezko bertsioaren funtzionamendua euskarazkoarentzat garatutakoaren berdina da, hau da, egunean partida bakar bat jokatzen da, zeinetan 10 galdera erantzun behar diren ahalik eta denbora laburrenean. Hots, hamar galdera dituen eguneroko Trivial moduko bat da, asteroko lehiaketak dituena, bere sailkapen orokorrarekin eta taldekako sailkapenekin (lagunak, lantokikoak, familiakoak…). Aplikazioak aukera ematen du gainera Galeseko eduki espezifikoak lantzeko, hala nola kultura, hizkuntza, historia, kirola, geografia, etab.

2023ra begira, CodeSyntax erakundeak 30 herrialde baino gehiagoko 300 garatzaile gora bilduko dituen nazioarteko topaketa bat antolatuko du Euskadin. PLONECONF 2023 mundu mailako software libreko teknologiari buruzko konferentzia garrantzitsuena izatea aurreikusten da. 2003az geroztik, topaketa hori hainbat egoitzatan egin da. Lehenengo edizioa New Orleansen (AEB) izan da, eta lekukoa Brasilia, Napoli, San Frantzisko, Tokyo eta Berlin hiriei eman zaie. Aurten, 2022an, Namurren (Belgika), hurrengo konferentzia Euskal Herrian egingo zela iragarri zuten, PloneConf 2023 Basque Country.


Deba Bailarako Industrialdeak jarduera ekonomikorako espazioak sustatzen eta kudeatzen ditu Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetan.

CodeSyntax-ek 350 metro koadroko bulego bat dauka Eibarko Azitain Industrialdean. Teknologia berrien arloko enpresa hau 2000. urtean kokatu zen bertan 20 pertsonako lantaldearekin. Denbora horretan bildu duen esperientzia da edozein proiekturentzako eskaintzen duen arrakasta-berme handiena.

Deba Bailarako Industrialdea sozietateak –Sprilur-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoiena eta Debabarrena eskualdeetako udalek partaidetua– badu 176 metro koadroko bulego bat, azpiegituretarako hargune guztiak dituena eta aukera ematen duena berehala instalatzeko eta edozein enpresa-jarduera  abiarazteko. Kokalekua estrategikoa da, sarbide zuzena baitu AP8 autobidera, gainera, garraio publikoa bertaraino iristen da eta aparkaleku ugari ditu.

Bestalde, Eibarguneak ere espazioak eskaintzen ditu Azitain Industrialdean ekintzailetza sustatzeko. Espazio horiek eskualdean bertan sortutako ekimen ekintzaileei zuzenduta daude.