Ertzaintzak 2001ean ETAk hil zituen Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo omendu ditu

0

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, Ana Isabel Arostegui Legarreta eta Javier Mijangos Martínez de Bujo ertzainen lankideekin batera, omenaldi hunkigarria egin diete gaur bi ertzainei, ETAk hil zitueneko 21. urteurrena betetzen denean. 2001eko azaroaren 23an hil ziren bi ertzainak ETAko komandoaren tiroek eragindako lesioen ondorioz, Beasaingo biribilgune batean trafikoa bideratzen ari zirenean.

Gaur, biribilgune horretan bertan, Leire Artola Beasaingo alkatea eta ETAk hildako bi agenteen familiartekoak eta senideak ere bertan zirela, omenaldi-ekitaldi bat egin da. Bertso batzuk kantatu dituzte eta ohorezko aurresku bat dantzatu dute Ana Isabelen eta Javierren omenez, eta lore-eskaintza egin dute haien oroimenez jarritako eskulturaren ondoan.

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, joan den ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura” arautzea.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin ziren agenteei Ertzaintzak proposatu die minutu bateko isilaldia egitea euren lanpostuetan. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.