Sprilur-ek abian jarri ditu erabilpen tertziarioko eraikin berri baten eraikuntzarako lanak Pasaiako Portuko Herrera ingurunea birgaitzeko prozesuan

0

SPRI Taldean integratutako Sprilur sozietateak (Eusko Jaurlaritzaren lurzoru industrialaren kudeaketako erakundea) datorren martxotik aurrera hasiko ditu Pasaiako Portuaren barruko Herrera iparraldeko L.3.1 partzelan erabilpen tertziarioko eraikin berri bat eraikitzeko lanak. Proiektua definitu eta diseinatze aldera, 2021aren amaieran Sprilur-ek ideia-lehiaketa baterako deialdia egin zuen, Eraikina eta Urbanizazioa gauzatzeko lanen Proiektua idatzi eta lan horiek Zuzentzeko, zeintzuk hemendik gutxira abiaraziko baitira.

Eraikuntza-lanekin batera, Portuko Agintaritzak baita ere abiatuko ditu eraikin berria kokatuko den partzelaren atontze eta urbanizazio osagarrirako lanak. Espazio berri horrek bere baitan hartuko ditu Adinberri Proiektuarekin lotutako zerbitzu-enpresak, eta baita ere Ekonomia Urdineko Enpresa Gunearekin zerikusia duten beste batzuk.

4.941 metro koadroko eraikin berriak sotoa, beheko solairua eta bi solairu gehiago izango ditu. Hauek dira solairu bakoitzaren azalerak: sotoak 2.058 metro koadro izango ditu, eta gainerako hiru solairuetako bakoitzak (beheko solairua eta altuerako beste bi solairuak) 1.647 metro koadro. Eraikinean 22 lokal egongo dira, 42 eta 120 metro koadro bitarteko azalera erabilgarriak izango dituztenak. Bestalde, lurpeko 51 aparkaleku atonduko dira, eta ibilgailu elektrikoentzako karga-puntuak ere egongo dira.

Eraikinaren ezaugarri eta prestazioei dagokienez, bete egingo du mota honetako eraikinentzako jasangarritasun energetikoa arautzen duen 4/2019 Legea, eta energia kontsumo ia nulua izango du. Hala, kontrol eta erregulazio sistema bat prestatuko da argi naturalaren aprobetxamendua optimizatzeko. Eraikinaren egiturarako erabiliko diren elementuak aurrefabrikatuak izango dira, denak ere zigilu ekologikoa eta jasangarritasun maila gorena (A) duten materialak. Bestalde, teilatuan xafla fotovoltaikoak instalatuko dira energia sortzeko, eta horrela, eraikineko gune komunetan behar den gutxieneko kontsumoari aurre egiteko.

Sei milioi euroko inbertsioa aurreikusi da eraikuntzarako, eta lanak egiteko epea 18 hilabetekoa izango da.

2021-2024 aldirako lurzoruaren kudeaketako estrategiaren barruan, Sprilur-en (Eusko Jaurlaritza) helburu garrantzitsuenetako bat da lehentasunezko jarduera-eremuetako enpresa-guneak birgaitu eta berraktibatzea. Hartara, erakundeen arteko lankidetza-ekimen honek suspertze integralaren prosezua babesten du, bizirik dagoen jarduera ekonomikoa antolatzeko eta Herrerako inguruneari enplegua sortzeko duten ekimen berriak emateko.