Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari eskatu dio eskualdeetako irizpideak Espainiako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren eranskinean premiaz sar ditzan

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzak, eskualdeko agintaritza den aldetik, bere ekarpena bidali dio Europako Batzordeak egindako SEM Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren tarteko ebaluazio-txostenari, eta planteatu du SEMaren erregionalizazio handiagoak oso eragin positiboa izango lukeela eragile ekonomikoen artean Europako proiektu bateratuarekiko konfiantza bultzatzean eta maniobrarako tarte handiagoa ematean, Estatuko mugetatik haratago anbizio handiko inbertsio-politikak gauzatzeko. Hala, funtsezkotzat jotzen du eskualde-irizpideak oinarri hartzea Espainiako SEEParen eranskinean. Espainiako Gobernuak Batzordeari aurkeztu behar dio eranskin hori, esleituta dituen SEM maileguen zatia eta Repower EUren baliabideak adjudikatzeko.

Eusko Jaurlaritzak eskatu du berezko eskumenak dituzten eskualde eta nazioekin elkarrizketa egituratu eta sistematikoa hastea, maila anitzeko gobernantza-eredu bat eratzeko eta eskualde horiek EBren erakunde-arkitekturan behar bezala sartzeko. “Bat gatoz EBk dituen erronka berberekin, eta egungo gobernantza-eredua berrikustea nahi dugu, Europaren etorkizuneko garapena bultzatuko duten politiken kudeaketan gure ezagutza eta esperientzia osoa ekar dezagun”, Azpiazuk eskatu duenez.

Euskadik espezializazio adimenduneko RIS 3 estrategia bat du abian, Herriaren lehentasunak markatzen dituena. Estrategia hori orain dela gutxi eguneratu da, eta enpresa-gaitasunen, ikerketa- eta berrikuntza-gaitasunen, dauden azpiegitura eta ekipamenduen eta giza kapitalaren azterketatik abiatzen da, eta definizioan eta ezarpen-prozesuan interesa duten alderdi guztien parte-hartzea bermatzen du. Next Generation EU ekimena eta, bereziki, SEM ekimena funtsezko tresnak dira Europako ekonomiaren hazkunde-potentziala garatzeko, eta, hortaz, estatu kideetako eta eskualdeetako RIS 3ekiko sinergien eta osagarritasunen ustiapena bermatzeko moduan antolatu beharko litzateke.

“Espainiako SEEPak ez ditu kontuan hartzen espezializazio adimenduneko estrategiak, ez definizioan, ez ondorengo ezarpenean, eta horrek eragin argia du funtsen banaketan, eraginkortasunari dagokionez”, jaso du euskal ekarpenak.

Era berean, SEPE suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoek produkzio-sarea eraldatzeko duten garrantzia azpimarratu da berriz ere. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak 5 proposamen egin ditu:

1. Administrazio-tramiteak erraztea:
a. Baliorik ematen ez dakarten eta karga burokratikoak baino sortzen ez dituzten dokumentuak edo tramiteak ez eskatzea. Euskadin, kritika orokorra da enpresa txiki eta ertainentzat deialdiak tramitatzea oztopo gaindiezina dela.
b. Dagoeneko abian diren eskualdeko administrazioen laguntza-deialdiak baliatzea (deialdi erregularrak urtero). Horiek eragileengandik askoz hurbilago daude eta horiek dagoeneko ezagutzen dituzte.

2. Eskakizunak erlaxatzea, “estatuko laguntzetan” oinarrituta:
a. Batez ere enpresa txikien proiektu eraldatzaileetan. Irizpide horiek nolabait erlaxatzea, salbuespenezko kasuetan egin den bezala, pizgarri handia litzateke enpresak proiektu ausartagoetan eta anbizio handiagokoetan sartzeko.

3. Epeen malgutasuna:
a. Proiektuak egikaritzeko epeak oso murriztaileak dira. Inbertsio eraldatzaileek hausnarketarako eta erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuak behar dituzte, eta ez da erraza ezarritako denbora-eskakizunetara egokitzea. Proiektu estrategikoak direnean, horien kalitatea da garrantzitsuena, eta ez hainbeste egikaritzeko epeak.
b. Inflazioaren bilakaerak eta eskariaren kontzentrazioak kolektibo sektorial jakin batzuetan (energia jasangarria, etxebizitza birgaitzea) oso zaila egiten ari dira inbertsioak, publikoak zein pribatuak, zehaztutako epeetan egin ahal izatea.

4. Deialdiak azkar egokitzea:
a. Administrazio-prozedurak aldatzeko malgutasuna emateko, tramitazio osoa berriro hasi behar ez izateko diseinu-akatsak detektatzen direnean. Hori da, adibidez, oso kolektibo espezifikoei zuzendutako dirulaguntzen deialdien kasua, edo, Euskadiren kasuan, funts endogenoekin estalitako inbertsioetarako dirulaguntzena.
b. Eskaririk aurkitzen ez den dirulaguntzen prozesuak egokitzeko, beharrak gainestimatu direlako.

5. Eskatutako abalak murriztea:
a. Enpresa txiki eta ertainek ere zailtasunak dituzte eskatutako abalak aurkezteko. Hortaz, komenigarria litzateke abalak murriztea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak proposatu du industria-deskarbonizaziorako SEM funtsen zatia erregionalizatzea, finantzaketa-tresnak industria-tradizioko Europako eskualdeen ezaugarrietara egokitu ahal izateko. Horrela, adibidez, “Basque Net Zero Industrial Super Cluster” abalak prozesuak azkartzeko eta emisioak murrizteko helburu hori lortu nahi du.

Azken batean, Eusko Jaurlaritzak SEMaren erregionalizazioan aurrera egiteko aukera gisa planteatzen du eranskina, aukera bikaina baita eskualde-egokitzapenean sakontzeko, eta horrek haren helburuak hobeto betetzea ekarriko luke.