Non eta noiz jaio zen enpresa?
2002. urtean, bazkideak eta biok elkarrekin ekiteko gogoa genuen, berak diseinuan eta nik ekoizpenean genuen esperientzia aprobetxatuz. Bostekoa ematearekin batera jarri genuen abian proiektua, eta urtebete geroago, 2003an, formalizatu genuen sozietatea. Gure hastapenak oso apalak izan ziren, funtsean gu biok eta sozietatea sortzeko ezinbesteko gutxieneko kapitala. Une hartan Lezoko bulego batzuetan izan genuen egoitza.
Eta nola garatu da Microcom ordutik?
Lehenengo bi urteak gogorrak izan ziren, baina pixkanaka, zarata handirik atera gabe, konpainia abiada hartzen joan zen, ahoz aho funtzionatzen hasi zen eta gero eta produktu anbiziotsuagoekin ausartu ginen. Horrela pixkanaka, gaur egun arte, Espainian, Portugalen eta Latinoamerikan uraren sektorean eragile nagusien konfiantza baitugu, industria anitzenetan presentzia handia izateaz gain.
Dimentsioei dagokienez ere hazi egin da?
Erakundea nabarmen hazi da: 2017an, Irungo gure egungo instalazioetara lekualdatu ginen; bertan, 1.000 m2 baino gehiago ditugu, eta bulegoak eta fabrika daude, elektronika automatikoki muntatzeko lerro oso batekin. Azpikontraten mende ez egoteak askatasun handia ematen digu, eta hori funtsezkoa izaten ari da hornidura-katearen egungo egoerari aurre egiteko.
Zein merkatutan mugitzen da gaur egun enpresa?
Nagusiki uraren ziklo integraleko merkatuetan, eraginkortasun energetikoan, hotz industrialean eta komertzialean, nekazaritza, abeltzaintza eta elikagaien sektorean, industria orokorrean, eta abar. Oro har, arretarik gabeko edozein industria-instalaziok, hau da, normalean langilerik ez dagoen lekuetan, gure produktuekin monitoriza dezake.
Microcomek garatzen dituen produktu horiek GSM komunikazioaren, GSM alarmaren, GSM telekontrolaren eta abarren bidez funtzionatzen dute. Hizkuntza teknikoa lurreratuz, zertan datza?
Gaur egun gauzen interneta esaten zaion horretan sartzen da, hau da, hari gabeko komunikazioa duten gailuak, parametro desberdinak neurtzen dituztenak eta erabiltzaileak gainbegiratu ditzakeen plataforma batera bidaltzen dituztenak.
Erraz ulertzen den adibide bat urruneko puntu batean ura banatzeko biltegi bat izan daiteke. Oro har, depositu horren maila, kloro-kontzentrazioa eta irteera-emaria monitorizatzeko beharra aurkitzen dugu. Gure produktuetako bat instalatuta, ustiatzaileak parametro horiek guztiak monitorizatuta izan ditzake, eta alarmak jaso bere mugikorrean, edozein anomaliaren aurrean.
Microcomen produktuek tipologia ezberdinak al dituzte?
Produktu-lerroa bi serietan banatzen da: Nemos seriea, elektrizitaterik ez dagoen tokietan gainbegiratzeko pilekin elikatutako ekipoak dira; eta Hermes seriea, elektrizitatea duten instalazioetarako. Produktu horiek ZeusWeb doako monitorizazio-plataformarekin eta iOS eta Android mugikorretarako ZeusMobile aplikazioekin osatzen dira.
Zerk ahalbidetu du urte hauetan Microcomek nabarmendu izana?
Benetan disruptoreak izan gara industria honetan: non beste batzuk gero eta produktu konplexu eta garestiagoak ematen tematzen diren, gu guztiz kontrako norabidean joan gara, produktu sinpleagoak eta arazo jakin bati egokitutakoak eskainiz. Horri esker, produktu lehiakorragoak eskaintzeaz gain, doako online monitorizazio-zerbitzua, 5 urteko bermea eta maila goreneko euskarri teknikoa eskain ditzakegu.
Eta eskaintza hori guztia nazioarteko maila batera ailegatzen da?
Gaur egun Portugal, Latinoamerika, India, Israel eta Australiara esportatzen ari gara.
SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.