Urduñako hilerrian egiten ari diren deshobiratze-lanetan, garaiko espetxe frankistaren hogeita hamar bat biktimen gorpuzkiak aurkitu dituzte. Lan hauek Eusko Jaurlaritzaren ‘Gerra Zibileko desagertuen bilaketa’ programaren barruan kokatzen dira, Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako hitzarmenarekin eta Urduñako Udalaren lankidetzarekin.
Bestalde, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua harremanetan dago espetxe horretako biktimen senideekin, lurpetik ateratzeko lanetan egindako aurrerapenen eta aurrerantzean egin daitezkeen identifikazio-lanen berri izan dezaten.
Datorren larunbatean, abenduaren 10ean, goizeko 10:00etan, Beatriz Artolazabal sailburuak lanen jarraipena egingo du lekuan bertan
2014an, Urduñako Espetxe Zentralean hil ziren 14 pertsonaren gorpuzkiak atera zituzten lurpetik, ustez 1941eko otsaila eta ekaina bitartean. Ordutik egindako ikerketa- eta prospekzio-lanen arabera, hilerrian bertan beste lurperatze-gune batzuk egon zitezkeela uste zen, eta hori egiaztatu ahal izan da aurkikuntza honekin. Lurpetik ateratzeko lanak guztiz amaitu bitartean, hogeita hamar bat gorpuzki direla uste da.