Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaileak “etsigarri” jo du gaur Sánchez presidentearen egungo legealdiaren balantzea, autogobernuari dagokionez. Espainiako Konstituzioaren 44. urteurrenaren kariaz, datorren urteko hauteskundeetarako geratzen den azkena delarik, Estebanek deitoratu du lurralde auziari aurre egiteko aukera “galtzen” utzi dela, 2019ko abenduan Andoni Ortuzarren eta Pedro Sánchezen artean izenpetu zen inbestidura akordioak “Estatuaren lurralde-egitura nortasun nazionaletara egokitzea, kide izatearen sentimenduak aitzat hartuz” aipua jasotzen zuen arren. “Ez da konbentzimendurik egon ezta borondaterik ere Euskadi eta Kataluniako nazio auziei heltzeko”, laburbildu du Estebanek.
Hedabideei eskaini zaizkien adierazpenetan bozeramaile jeltzaleak gogora ekarri duenez “borondatea egotekotan, Euskadin aplika daitekeen formula erraza da:nazio aitortza, aldebikotasuna, arbitro neutrala eta erabakitzeko eskubide itundua”. Hala ere, Estebanek berak azaldu duenez, Legealdi honetan protagonista nagusi izan da “gure autogobernua inbaditu duen Lege Dekretu andana, Covid-ak ekarrik duen krisia eta Ukrainako gerra aitzakiatzat erabilita”. Gaitzespen berbera egin die Unidas Podemosekoei.
Egiteke jarraitzen duten erreformei dagokienez eta Espainiako gobernuak hartu ez dituen arriskuei dagokienez,Estebanek Sekretu Ofizialen Legearen eguneratzeaz hitz egin du Euskal Taldeak eguneratze hori erreklamatzen sei urte inguru daramatzala gogoratuz. Erreklamatu duen beste aldarazpena da CNIrena Pegasus sistemarekin zerikusia duen espioitza kasuaren inguruko guztia “argitzeko”, Estatuko burutzaren bortxaezintasunari dagokiona, 8. artikuluari buruzkoa (Ejertzitoa) edo 155. artikulua, horiek guztiak “bloke konstituzionalari oso lotuta dauden gaiak”.
Azken finean, eta aurrekoetan adierazi duenaren ildotik Estebanek baieztatu duenez “Espainiako Konstituzio berrinterpretatua daukagu esku artean, hainbat zentzutan jatorrizkoarekin zerikusirik ez duena. Lege Nagusi hau batzuetan aplikatzen da eta bestetan ez”, besteak beste tokian tokiko eskuduntza esparruetan, autogobernu arloan edo organo konstituzionalei dagokienean.