Euskadik Japoniara bidaiatu du bere turismo enogastronomikoaren indar guztia erakusteko eta merkatu berri bat sendotzeko

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak Turismo Gastronomikoari buruzko Munduko 7. Foroan parte hartuko du, eta bilerak egingo ditu Japoniako agintari eta agente turistikoekin.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ordezkaritza batek, Javier Hurtado sailburuak eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solanak ordezkatuta, bisita instituzionala egingo du Japoniara.

Bisita honen arrazoi nagusia Turismo Gastronomikoari buruzko Munduko 7. Foroan parte hartzea da. 2022ko abenduaren 12tik 15era izango da, Naran. Foro horren egoitza Euskadi da bi urtetik behin, eta bidaia-modalitate hori sustatzeko munduko ekitaldi nagusia da, eta tribuna gisa balioko du Euskadik segmentu horretan duen indar guztia Japoniako merkatuari erakusteko.

Foroaren ardatza izango da turismo gastronomikoak emakumeen eta talentu gazteen ahalduntzea sustatzeko duen eginkizuna, kultura-trukearen eta benetakotasunaren aurrerapena, eta helmugentzako eta elikagai-ekoizleentzako balioa hobetzea. Gainera, turismo gastronomikoaren bidez helmugako markan jardunbide onenak erakustea eta munduko ibilbide-orri bat babestea bilatzen du, turismoan elikagaiak alferrik galtzea murrizteko, Basque Culinary Centerreko espezialisten parte-hartzearekin. Datorren urtean, 2023an, Foroa Donostian egingo da.

Bidaia, halaber, sektoreko eragileekin eta agintariekin bilerak antolatzeko baliagarria izango da. Horrela, bilera bat programatu da Jataren egoitzan (Japoniako bidaia-agentzien elkartea), Osakan, Euskadi Basque Country helmugaren aurkezpena egiteko Osaka, Kioto, Nara, Wakayama, Mie, Hyogo eta Shigako 7 prefekturei. Jardunaldi honetan JATA Kasaiko nazioarteko bidaien batzordeko enpresa titularrak eta JATA Kansaiko Idazkaritza izango dira.

Bidaian, halaber, koordinazio-bilera bat egingo da Japoniako OETeko zuzendariarekin, Espainiako Turismo Bulegoarekin, Euskadi sustatzeko eta gure turismo-produktuak merkaturatzen laguntzeko lanak koordinatzeko.

Japoniako merkatua

Euskadik nazioarteko turismoa berreskuratu duen arren, precovid garaiekin alderatuta % 11,8ko hazkundearekin, ez da hala izan distantzia luzeko nazioarteko turismoarekin. 2019an, Euskadik izan du bisitari japoniarren tasarik altuena: 39.886 sarrera eta 72.351 gaualdi izan ditu, eta hazkunde-ehuneko handia murriztu egin da Covid iritsi zenetik. Turismo hori berreskuratzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustapen-ahalegina egingo du 2023an, eta bidaia horren atarikoa izango da. Era berean, Eusko Jaurlaritza hainbat jarduera prestatzen ari da Japoniako merkaturako. Jarduera horiek Japoniako Basque Week-en amaituko dira 2023an, eta hainbat sailen ekintzak koordinatuko dira. Turismo Saila, adibidez, fam eta press trips ezberdinak eta beste sustapen-ekintza batzuk prestatzen ari da.

EGATURen (Turismo Gastuaren Inkesta) datuen arabera, turista japoniar bakoitzeko batez besteko gastua 3.000 eurotik gorakoa izan zen 2021ean, munduko herrialde igorle guztien artean kopururik altuena. Urtarokotasunari dagokionez, merkatu horren ezaugarria da Euskadin presentzia handiagoa izatea maiatzetik urrira bitartean; azken hilabete hori da kontzentraziorik handiena duena, eta, beraz, turista japoniarraren profila interesgarria da desestazionalizazioa bultzatzeko, baita gastronomiarekiko duen interes handiagatik ere, Euskadi bisitatzeko lehen motibazioa baita.