Hamabost urteko ibilbidearen ondoren, Gizonduz ekimena nazioarteko erreferente gisa finkatu da gizonekin eta berdintasunarekin egindako lanean

0
PRUEBA

Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, ongietorria eman dio gaur Gasteizko Europa Jauregira hurbildu den publikoari, “Gizonei zuzendutako berdintasun-politikak, botere-harremanak eta genero-desberdintasunak eraldatzeko tresna gisa” izeneko mahai-ingurua entzutera. Iñigo Urkullu lehendakariak bihar ofizialki, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera inauguratuko duen “Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa” kongresuaren aurreko jarduera gisa antolatu da mahai ingurua.

Kongresuak Emakunderen Gizonduz ekimenaren 15 urteko ibilbidea omentzen du. Programa horren helburua gizonek berdintasunaren alde parte hartzea, kontzientziatzea eta inplikatzea sustatzea da. Proiektu hori, hasiera-hasieratik, emakumeen ahalduntze-lanaren osagarri eta indargarri gisa bideratu zen, eta Euskadiko berdintasun-politiketako arau eta planetan integratuta dago.

Elgarrestak, bihar biltzarrean zehar Gizonduz ekimenaren ibilbidea zehatz-mehatz azalduko duenak, gaur publikoari irekitako saioan aitortu duenez, garai hartan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bultzatu zuen ekimena “apustu ausarta izan zen, gizonekin eta maskulinitateekin lan egitea hain ohikoa ez zen garaian, eta zalantza gehiagoi zeudenean”. Hamabost urte geroago, ekimen aitzindari eta erreferente bihurtu da Euskaditik kanpo ere.

Emakundeko zuzendariak adierazi du Gizonduz-en aldeko apustuarekin eta nazioarteko kongresuaren antolaketarekin mezu hau helarazi nahi izan zaiola gizarteari: “gizonen inplikazioa behar dugu berdintasuna lortzeko”. Bere ustez, gizonekiko lanak funtsezko bi ardatz izan behar ditu: zaintza eta etxeko lanen erantzunkidetasuna eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentzioa. “Beharrezkoa da gizonek beren pribilegioak aitortzea eta hauek desagertzeko urratsak ematea”, adierazi du.

DOSIERRA: GIZONDUZEK 15 URTE. EGINDAKO BIDEA

Elgarrestak aitortu duenez, “berdintasunaren eremuan une garrantzitsuan gaude, atzerapausoak emateko mehatxuekin, berdintasunaren aurkako erresistentzia eta diskurtso askorekin”, baina, aldi berean, “duela hamarkada batzuk baino tresna gehiago ditugu”. Ildo horretan, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako aurten onartutako lege berria eta eskaintzen dituen aukerak aipatu ditu.

Gaurko mahai inguruan Mikel Otxotorena berdintasunean eta generoan aholkularia eta maskulinitateetan aditua, Ana Requena kazetaria, Roy Galán idazlea eta Octavio Salazar Kordobako Unibertsitateko irakasleak parte hartu dute. Edurne Baz kazetariak zuzendu du mahaia.

Honekin batera, online topaketa bat egin da kargu politikoak diren gizonekin, baita gazteei zuzendutako jarduerak ere, Berdinaldia laborategia gunean. Berdinaldiaren ekimena kongresuak irauten duen hiru egunetan zehar ospatuko da.

KONGRESUAREN PROGRAMA OSOA