Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua Bizkaia Aretoan bildu da gaur, eta bertan Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitza sortzea onartu du. Titulazio berria Gipuzkoako Campusean emango da, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, zehazki.
Beraz, honela geratuko da hezkuntzaren arloko eskaintza ikastegi horretan: 120 plaza Lehen Hezkuntzarako, 70 plaza Haur Hezkuntzarako eta 40 plaza Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Gradu Bikoitzerako. Hiru campusen artean, Euskal Herriko Unibertsitateak, gradu bikoitz horretaz gain, 800 plaza eskaintzen ditu Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Graduok euskaraz, gaztelaniaz eta eredu hirueledunean (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez) ematen dira.
Horri hezkuntzaren arloko gainerako titulazioak gehitzen badizkiogu (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Gizarte Hezkuntza, eta Pedagogia), euskal unibertsitate publikoak 1175 plaza eskaintzen ditu arlo horretan hiru campusen artean. Graduondoko titulazioak aintzat hartuz gero, kopurua 1.560 izango litzateke.
Eskaintza berria gizartearen eskariari eta premia akademikoari erantzutera dator. Izan ere, ikusi zen hezkuntzako graduetako ikasle askok interesa zutela bai Haur Hezkuntza eta bai Lehen Hezkuntza ikasteko. Gradu bikoitzak eskari hori asetzen lagunduko du, eta gainera bi graduok behar duten tutoretza orekatu eta osoa eskainiko du.
Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreorde Laura Vozmedianok titulazio berri honen interes erantsia azaldu du: «Azkenaldiko berrikuntza metodologikoekin ahalegina egiten ari dira haur hezkuntzatik lehen hezkuntzara dagoen arrakala handiegi hori konpontzeko. Gradu bikoitz berriak irakasleak prestatu nahi ditu helburu hori lortzeko, alegia, sarritan umeen eskola ibilbidean agertzen den haustura hori leuntzeko edo are josteko ere. Laburbilduz, neurri honekin ikasleen eskari erreal bati erantzun nahi diogu, baina horretaz gain arlo honetako ikerketak azaleratu duen premia pedagogiko bat ere ase gura dugu».